Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Igandean jakingo dugu nork egingo duen aurrera

2017/11/10
Finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa izango da Durangoko Landako gunean egingo dena. 17:00etan hasiko da saioa eta 15:30ean zabalduko dira ateak. Sarrera guztiak amaituta daude, beraz, ez da leihatilik irekiko.

Aitor MendiluzeIñaki ApalategiJon MaiaMiren AmurizaMiren Artetxe eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan igande honetan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan. Durangoko Landako gunean izango da, 17:00etatik aurrera, eta Amaia Ugaldek gidatuko du saioa. 15:30ean zabalduko dira ateak eta sarrera guztiak amaitu direnez, ez da leihatilik irekiko.

Hauek izango dira bertsolariei egokituko zaizkien lanak:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Durangokoa irabazten duen bertsolariak bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratuko du, eta abenduaren 2an Iruñean izango den azken finalaurrekoan ariko da.

Gainera, finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa izanda, bigarren itzulirako sailkatu diren bertsolariak zeintzuk diren ezagutuko dugu. Izan ere, lehen fase honetan parte hartu duten 24 bertsolarietatik 18 sailkatuko dira bigarren txanparako; Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira bigarren itzuliko saio horiek azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hurrenez hurren.

Saioa, zuzenean

ETB4k zuzenean eskainiko du saioa Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdiren eskutik; era berean, www.bertsoa.eus atarian ere jarraitu ahal izango da.

Igandean, Durangon ariko den seikotea.