Igandean, BECera? Adi oharrei
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala bertatik bertara jarraituko baduzu, hartu aintzat ondorengo oharrak. Bertsozale Elkarteak 450 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean finalaren egunean dena ongi atera dadin. Entzuleak lagunduko ditugu, saio hasieran, bitartean eta amaieran, eta era berean, momentu oro, gure argibideak segitzea eskatzen dugu antolakuntzatik. Denon artean egun ederra osatuko dugu!
9:00etan zabalduko dira Bizkaia Arenako ateak. Sarrera bakoitzak bere kodea du eta, beraz, sarrera berarekin ezingo da pertsona bat baino gehiago sartu; kode berbera duten bi sarrera agertuz gero, lehena bakarrik sartuko da aretora. Antolakuntzako kideek bideratuko dute sarbidea, ahalik eta lasaiena izan dadin. Segurtasun arazoak ekiditeko, aretora ezin izango dira sartu garraiorako karroak, bonbonak, sukaldeak, hozkailuak eta antzerakoak eta ezta kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak ere.
Goizean eta arratsaldean eserleku bera mantentzea gomendatzen da
Eserlekuak ez dira zenbakituak. Hala ere, esertzerakoan kontuan izan bata bestearen ondoan jarri behar duzuela, tartean eserlekurik libre utzi gabe. Eskaileretan eta pasabideetan ezingo da eseri. Jarlekuetan finaleko aldizkaria jasoko dute bertsozaleek eta bertan aretoaren inguruko informazioa zein kontutan hartu beharreko oinarrizko oharrak agertuko dira.
11:00etan hasiko da saioa. Areto barruan ezingo da erre, jan edota edan. Ahalik eta gutxien mugitzea eskatzen dizuegu eta mugitzekotan bertsoaldia amaitutakoan egitea.
Goizeko saioa amaitutakoan, Bizkaia Arena pabiloia erabat hustuko da: ezingo da aretoan bertan bazkaldu eta antolakuntza ez da galdu daitezkeen objektuen erantzule egingo. Bazkaritarako gunea 6.pabiloian izango da, Bizkaia Arenatik berrogeita hamar metrora. Bazkaritarako txartela dutenek zein bazkaria eramandakoek han izango dute otordua egiteko aukera; horretarako aulkiak eta mahaiak izango dira bertan. Pabiloi honetan bertan zein finala jokatuko den aretoan taberna egongo da, eskaintza zabalarekin.
Informazio gunea atonduko dugu areto barruan, sarreran
15:30ean zabalduko dira Bizkaia Arenako ateak berriro, eta saioa 16:30ean hasiko da. Bertsozale Elkartea ez da zentzu horretan gerta daitezkeen gaizki-ulertuen erantzule egingo, baina goizean eta arratsaldean eserleku bera mantentzea gomendatzen da. 20:00ak aldera sari-emate ekitaldiari hasiera emango zaiola aurreikusten da.
Informazio gunea atonduko dugu Bizkaia Arenako sarreran, zaleek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Gure lantaldeko kideak izango dituzu bertan.
2.400 bertsozalek baliatuko dute Elkarteak antolatutako autobus zerbitzua
Finalera joateko autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak, Aizpurua Autobusak taldearekin lankidetzan; 2.400 bertsozalek baliatuko dute aukera hori egunotan izena eman eta gero. Autobusen geltokiak eta ordutegiak atari honetan bertan argitaratu dira.
Gainerako bertsozaleei ere garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie, esate baterako, metroz edo trenez. www.metrobilbao.eus eta www.euskotren.eus atarietan daude ordutegiak eta prezioak.
Haurtzaindegia
12 urte bitarteko haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da aurrez izena eman dutenentzat, 6. pabiloian. Saioak irauten duen bitartean egongo da zabalik.
Behar bereziak dituzu? esaiguzu aurrez
Aretora sartzeko, saioa segitzeko edo antolakuntzako autobusetan joateko behar bereziren bat duten pertsonek finala baino lehen antolakuntzarekin jarri behar dute harremanetan txapelketanagusia@bertsozale.eus helbidean.