Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Hilekoaren mintzoa

2017/11/28
"Aspaldi honetan bertso munduan duela gutxira arte isilduta egon diren gorputzak ari dira azaleratzen: emakumeak, gizon-ez-gizonak, ubeldutakoak, homosexualak, haurdunak, itsuak, down sindromedunak, zaintzaileak, zaharrak, harrerako haurrak...", Eider Rodriguez idazleak adituen analisien tartean egin du bere ekarpena.

"Emakume txikiak atsegin du, nahiago du hori harreman heterosexuala baino. Gizenak, emakumearen gorputzean dagoen leku sekretu bat eman dit aditzera, plazer iturri berri bat, niretzat ezezaguna, ez bada pasaeran soilik, eta horrelakoetan inoiz ere ez modu definituan; leku hori emakumearen beheko ezpainak zabaltzen direneko puntutxoa da, justuki gizonak aintzat hartzen ez duen puntutxo hori bera". Gerora erotismoaren jainko izendatuko zuten Anais Ninek idatzi zuen 1930 urte inguruan Henry and June egunorokoan, klitoriaren ahalak ezagutu berritan. Eta idatzi zuen argitara ekartzeko ilunpean zegoena, idatzi aurretik haragizko zena oraindik eta haragizkoago bihurtuz. Idazle beltzek literaturaren ispiluan beren buruari begiratu ziotenean ere gorputza idatzi zuten: azalaren kolorea ez ezik, usaina ere zehaztu zuten, zuri mota ugari daudela dakigun bezala beltzaren ñabardura guztiak ekarriz.

Aspaldi honetan bertso munduan duela gutxira arte isilduta egon diren gorputzak ari dira azaleratzen: emakumeak, gizon-ez-gizonak, ubeldutakoak, homosexualak, haurdunak, itsuak, down sindromedunak, zaintzaileak, zaharrak, harrerako haurrak, minbizidunak, etorkinak, ezinduak, hil hurren daudenak, erekzioa galdu dutenak, Frida Kahloak eta Mohamedak... gaietan hala bultzatuta ez ezik, bertsolariak ere ari dira euren kabuz oholtza gainekoez haragoko gorputzei kantatzen, eta haiek kantatzean, haietatik kantatzean, gurera ekartzen, dituzte.

Baina nago, azkenaldian badagoela gorputz horiek izendatu eta inbentariatzeaz gain, gorputz horiek ikusgarri bilakatzeko ahalegin bat, eta ahalegin hori, batez ere, emakumezko bertsolariei zor zaie. Ez da kasualitatea: haiek badakite zer den horrelako gorputz bat habitatzea.

Miren Amurizak ikusarazi zigun argazki hau: azal ximurra, bular eroriak, alu soildua, barizeek zeharkatutako izterrak dituen 82 urteko amona bat, bere burua ausart eta edertzat daukana. Bertso munduko amona total eta oriñaldunetik urrun, gorputzari heldu zion Amurizak amona erreal bat sortzeko.

Maddalen Arzallusek, argia piztu zenean lotsarazi zuen gorputz biluzi eta maitatzen zailari kantatu zion, sexua trabatzeraino konplexu eragingarri, izter eta sabel ezegokiko gorputz-kartzelari. Alaia Martinek, larrutaldiaren erdian, argia piztearekin batera haragitutako gorputzari kantatu zion: porotsua, izerditua, estriek ebakia, inperfektua. Bestearen begiradapean eta norberaren baitan ilun bilakatzen diren gorputzak, biak ala biak.

Maialen Lujanbiok bularrez gain zakila ere baduen gorputza ikusarazi zigun: andre eta gizon den gorputz hibridoa, hormonatua, inon egon nahi ez izanagatik besteari ezinegona sortzen dion gorputz sentsual eta harroa, azala aldarrikatzen duen, desio duen, bero dagoen gorputz erabat normala.

Odolaren mintzora ohituta geunden arren, bestelakoa da hilekoaren usaina: mutilen barreen eta nesken begiraden beldur, maindire zuriaren gaineko orbana orbain intimo bilakatua, emakume izendatutako gorputzetik kantatu zuen Nerea Ibarzabalek, gorputz berri eta besteen begietara zikin horretatik, baladarik, banderarik, poema epikorik edertu ez duen odolari.

Adibideak baino ez dira. Dagoeneko, bertsoa ez da gorputz astun eta zurrun bati ihes egindako intziria bakarrik. Bertsolari hauek orain arte diskurtsoan ageri ziren gorputzak ikusgarri bilakatu dituzte, bolumena eman diete, bigarren dimentsioko jarduna hiru dimentsioko bihurtu dute, eta hala, bertsoen corpusa gizentzeaz gain, bertsolaritzan hain aipatua den gu delakoa jendez bete dute, ukigarriak, ikusgarriak eta usaingarriak diren pertsonez, estereotipotik aparte, inoiz baino haragitsuago eta libreago. Eta haiei esker, une batez sikiera, ikusi egingo dugu nork osatua den hainbeste famatzen den gu-a, bertsoak irauten duen lipar horretan sikiera, ikusi egingo dugu nork osatua nahi genukeen folklore bihurtze bidean zegoen gu-a: bertsolariaren gorputzari erantsita geldituko dira kantatutako gorputzak, kasik gure artean.

Gu ez baikara abstrakzio gramatikal hutsal eta demodea. Guk ere gorputz bat osatzen dugu: bertsoak ez baitira hitzak bakarrik, hitzok esaten dituen gorputza ere bada, hitzok entzuten dituen gorputza, hitzok marrazten duten gorputza, eta bertsoz bertso gizenduz doan corpusa, gu-aren DNA.

Eider Rodriguez.