Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gure buruaren kontra, gure munduaren alde. Finaleko bertsogintzaz gogoeta bat

2018/01/09
"Gure munduaren alde, beste munduek ikus gaitzaten. Eta gure buruaren kontra, izan ere bertsolariaren burua baita bere arerio bakar bertsotan ari dela. Bikain prestatua joan da finalera bertsolaria, urduri bezain gogotsu dago erakusteko eta egingo du buruak laguntzen badio, orain eta hemen". Iñaki Aurrekoetxearen ekarpena.

Joan dira egun batzuk egun magikotik. Finalaren zurrunbilotik urruntzen hasi gara, baina orduko irudi batzuek burrunba egiten digute oraindik; ez zaizkigu berehalakoan ahaztuko. Jon Maiak biharamunean idatzia da BEC erresonantzia kutxa dela, eta irudi polita da, aproposa erabat, han entzun zirenek gure memorian hartzen duten oihartzuna berezia baita, berezia eta iraunkorra. Lan honetan kutxa hartan kantatutakoa aletzen ahaleginduko naiz, bertsogintzari finalak ekarri zionaz zertzelada batzuk ematen, mamia mamurtuz. Baina utz iezadazue mamiari azaletik heltzen. Testuak asko baitu inguru-testutik. Eta hasierako agurretako asmoen aitorpen eta kokatze-saioetan, 9 ordu geroago txapela jantziko zuenak ezin modu bakan-beteagoan adierazi zuen nor garen, non garen eta zein duen egitekoa bertsolariak:

Gehiegi izan nahi gabe

eta garenaren jabe

gure ideia ta ahots

kaixo denoi hemen gaude

hain haundi dirudien hau

hain txiki hormaz bestalde

hemen hizkuntza hain sendo

hor kanpoan hain ahalge

herria trinko egin nahiz

trinko diot ez artalde

gu ere hala baikara

bakarkako eta talde

hau borroka neurtu bat da

barkatu apustuzale

gure buruaren kontra

gure munduaren alde. (bis)

Gure munduaren alde, beste munduek ikus gaitzaten. Eta gure buruaren kontra, izan ere bertsolariaren burua baita bere arerio bakar bertsotan ari dela. Bikain prestatua joan da finalera bertsolaria, urduri bezain gogotsu dago erakusteko eta egingo du buruak laguntzen badio, orain eta hemen. Zazpi buru ahaltsu lan eta lan eta, azkenean, gehiago, sarriago asmatu duenaren gainean txapela. 

Goizean erkinetik erpinera, bide gorabeheratsuak 

Ofiziotako lanean arrazoiak kateatuz bertsoaldia garatzeko bidea hartu behar du bertsolariak, nahiz batzuetan, zortziko nagusiko lanean bezala, gaiak oposizio markatuan jartzen dituen. Lau bertsoaldietan ikusi nuen erritmo oso ona eta elkarrekin bidea egiteko konpromisoa. Elkarrekin bidea egiten ondoen asmatu zutenak Lujanbio eta Agirre izan ziren. Lujanbiok bizi ekin zion finalari, hasieratik arrazoiak xehetasunekin lotzeko intentzio garbia zuela erakutsiz:  "Real Sociedad SA-ri ta / txinoei salduta nago / ta honezkero ze inporta zait / pixka bat salduxeago". Agirre eusten ari zen: "diru beharrik izango banu / egingo nuke agian".  Ez zen gairik erosoena izango Lujanbiorentzat futbolariaren azalean garatu beharrekoa, baina gustura aritu zen, eta elastikoa ikusi genion parekoari, zuzenean aipatu barik. Arrazoia sinesgarriagoa baita detaile txiki horiei esker: bederatzia bizkarrean. Eta lesio hitza erabili gabe, "baina hautsi ezkero belauna edo / zartatu iztarreko mintza / Unai, esnatu  laburra da ta / futbolarion bizitza". Azken arrazoiari indarra ematen dioten aukera txikiak. Maialenek finaleko lan guztietan asmatu zuen xehetasunen langintzan. Ertzen bilaketan. Bertsoaldia amaitzeko ere, Unaik urtebetean nornahik bizi osoan adina irabazten zuela gogoratu ondoren, berdin: 

Nahikoa diru badezu behintzat

hortan ez zera labaintzen

nik hala ere segitu nahi det

banku kontua bikaintzen

ta hor azaltzen naiz kremekin edo

txanpuaz ilea zaintzen

futbolarioi ez digute ta

pentsatzearren ordaintzen.

Azken honen errima ere bada aipagai. Lau oinak aditzak izanik, hoskidetasunean sakontzen du, pobreegi ez dadin gelditu. Burua fresko ekin zion, deskuiduei tarterik utzi gabe. Tourmaleten gora Indurainek nola, erritmo bizia jarri hasieratik eta gora, datorrela atzetik ahal duena. 

Lehendabiziko lan honetan Mendiluzeren lana ere aipatzekoa da, honek ere asmatu baitzuen bertsoak zentzuz eta koherentziaz kargatzen. Gainerakoen lana gorabeheratsuagoa izanda, egokitutako rolari zukua atera ezinda bezala, arrazoi ederrak entzun ziren tarteka, Sustrairena esaterako: "nik ez nuke nahi jendarte oso bat / telebistak lelotuta / nahiago ditut norbanakoak / autodeterminatuta". Oso ona iruditu zitzaidan ere Elortzaren amaiera, euskara elkartea profesionalizatu ala boluntarioen esku segitu eztabaidan zela Sarriegirekin: "bat edo beste dikotomian / gabiltza ohi dugun gisan / eta ez dakit zer dela eta / ezin duten biak izan". Esaten ez dena esaten denaren osagarri. Zer da ba Bertsozale Elkartea bera? 

Zortziko txikian lan borobilagoak entzun genituen. Lautik hiru bai. Elortzak eta Lujanbiok elkarrizketa bizia eta aberatsa josi zuten igogailuan, lehenak bigarrenaren sexu-jolasen hotsak ederki aditu ostean gauean. Hona azken puntu edo puntu pareak jarraian, Elortza hasita, erantzun-mailaren erakusgarri: "kendu ezazu tonto / irriparre hori"; "zuk berriz behakoa / serioa duzu / duzun inbiri horrek / zimeldu zaitu zu"; "sexua suerte dela / hala dizut entzun / ta antza dena zeuri / tokatu zitzaizun"; "baina bart zure kabuz / al zenuen ekin / gure etxeko efektu / espezialekin?"; "ta zeinek esan dizu / ez nuela egin?"; "zer nolatan zabiltzan / bisaia da juez / egin igual ein zendun / baina gozatu ez". Maialenek erpin berria jo zuen, Igorren hasierako behakoa eta azken galdera lotuz. Agirre eta Sarriegi aita-semeak gailu elektronikoarekin erantzunak erantzunari josiz aritu ziren. Sarriegiren "ta oraindik ez du pasa lehenengo pantaila" bigarren bukaerak joko polita eman zuen bertsoaldian. Colina eta Mendiluze ere bikain, autoan giza-hezurrak zeramatzanaren eta poliziaren paperean. Colina hobeto bidea irekitzen betelanean baino, eta Mendiluze oso dotore betelanean zein amaieretan.  Gaztelumendik eta Arzallusek, ostera, ez zuten asmatu artaldearen gaian, hasieratik deseroso moduan. Arzallusen oinek ere ezintasun hori azaleratzen ote zuten. 

Puntuei erantzuten ez ziren bikain ibili bertsolariak. Nire ustez, Lujanbiori ez beste guztiei erori zitzaien hirutik bat gutxienez. Arzallusen kasuan, gustatu zitzaidan "ta argindar fakturak / etxean eztulka". Ez ordea amaiera: "gu tranpan jausi eta / beraiek disfruta". Aditzaren infinitiboa batzuetan jan egiten da nahieran, eta Arzallusek birritan egin zuen lan horretan. Sarriegik lehenengoan bota zuen bere erkin, goizeko hirugarrena harrezkero; aurretik Elortzak eta Lujanbiok erabili ondoren, Sarriegirena oso behartua: "hemen portatzen dira / gaur nahikoa erkin". Goizeko azken ofizioan, hamarreko txikian, gura baino beheragotik jarraitu zuten bertsolariek, erkin antzean. Sarriegi ez, baina. Greba ondorengo egunean irakaslearen azalean kantatzea egokitu zitzaion Lujanbiorekin, eta berez irakasle denak ondo asmatu zuen hezkuntzako murrizketen berri ematen eta ondorioez ohartarazten. Lujanbiok atzetik eutsi zion, erori gabe, baina pisua Sarriegiri utzita bezala, atseden hartzen balego legez, bere bigarren erkin botata, zuzen, hirugarren erpinera bidean. Beste bertsoaldien artean Colinaren eta Arzallusena nabarmendu nahi nuke. Ez zitzaidan bat ere gustatu. Musu truk jotzeko eskatu dieten musikariak ziren, eta hasieratik hartu zuten biek ala biek borondatezko lana eurena baino ez balitz bezala: zerbeza jartzen duena, baflea jartzen duena (Colina) eta euskara elkarteko funtzionarioa (Arzallus), denak kobratzen eta musikariak debalde. Ados? Ez. Ez da sinesgarria. Ezta justua ere. Nire iritzia da, noski. Eta ideia horretatik abiatuta josi zuten bertsoaldi osoa. Ekarpenetik oso urrun ikusi nuen lan hori. Alegia, bestelako azterketa teknikoetan sartu gabe, arrazoiketan ez zutela bat ere asmatu. 

Kartzelako lanean ere gorabeherak. Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak. Lujanbiok maistra lan berri bat oparitu zigun, Gabon gaueko afarira agertu den alaba ardi beltzaren azalean. Lekurik ez daukat lantxo honetan bertsoaldi horren bertuteak aletzeko. Oso azkar osatu zuen xehetasunez betetako istorio borobila. Berriz entzun eta gozatzeko gomendioa baino ez dut emango. Antzekoa Mendiluzeren lanari buruz. Doinu berri baten, erdiko esaldi errimatuak bikain lotuta gainera, hau ere Gabon gaueko afarira zazpi urteren buruan agertu den semea. Etxekoen harrera isila bezain hotza ikusita, amari musu eman eta alde egingo duena. Bikain. Mendiluzek Tourmalet gaina harrapatua zuen, Lujanbio zain zeukan, eta gainerakoak azken kilometroko pankartapean oraindik. 

Lan oso onak izan ziren ere Sarriegi, Gaztelumendi eta Colinarenak ere. Sarriegik, beste behin irakasle azal ezagunean sartuta, kritika zuzena egin zien irakasle-gelan gazteleraz mintzo ziren kideei, sinesgarri, erdiko bertsoan oinak behartuegi bezala baina ondo borobilduta. Gaztelumendik ere sinesgarri eta ondo borobilduta kontatu zituen ikasgelan sartu berri zen gaztetxo marokoarrarenak, bigarren bertsoan zehar perlaren bat utzita: "diferentea naizela / zuei dizuet nabari". Colinaren testua bikaina zen, bigarren bertsoaren amaierako irristadatxoa kenduta, eta ederto kontatu zuen bere doluaren aurrean lagunek, pertsonek oro har, nola desberdin erreakzionatzen duten, dugun. Ez dut uste, baina, aukeratutako doinuak mesede egin zionik. Itzaltzuko bardoaren egokitzapena zen eta gora egin beharrekoetan oso behartuta sentitu genuen. Doinu egokiarekin gehiago luzituko zuelakoan nago. Doinuaren nota gorenetan behartuta sumatu genuen Agirre ere. Eta Kataluniako gaia hartuta, lehen bertsoko errima progresiboa azpimarratuko nuke: aukeran, hegan, bete lan, kartzelan, gelan, Bruselan. Konparaziorako, txistukariak (x, s, z, ts, tz, tx) nahieran nahastuta baino askoz gozoago sartzen zaizkit. Elortza eta Arzallusen lanak zezaketenetik urrun geratu ziren. Elortzaren medikutarako joan-etorri eta etxeko sartu-irtenekin despistatu egin ginen eta ideien kohesio falta nabaritu zitzaion. Horrez gain, ez dut uste Igorri ere doinu hark on egin zionik, hau ere goiko notetan behartuta sumatu nuelako. Arzallusen kantaera, aldiz, bikaina izan zen, doinu zahar tragiko eta luzatuari ederto zegokiona. Neurri txikian ere bakarkako lana luzitu daitekeenaren froga. Pena honek ere ez zuela asmatu gaiaren sinesgarritasunean. Ez genuen ulertu etxekoak zergatik geratu ziren isilik, moro izateak gizartearen aurrean bihurtzen bazuen susmagarri, eta ez zuen lana borobildu. Azken bukaeran are gehiago despistatu gintuen, "neri korapilatzen / hasi zait mingaina" amaitu zuenean, justu errepikatu beharreko azkenaurreko puntuan hitzen ordena aldatu ondoren. Ez zen gustura aritu Arzallus goizeko saioan, azken horrek irudikatu zuen gisan.  

Arratsaldean olatua hartu nahian 

Ez da erosoena izango bertsolarientzat finaleko bazkalordua. Atseden hartu beharra, baina tentsioa puntuan mantenduz, eta hori guztia antzeko zereginean daudenekin konpartitu; eskerrak lagun-taldea diren. Batzuk eguerdi lasaiagoa izango zuten, besteren batek jan ere ez zuen egingo, eta pasilloan buruari adina buelta emango zionik ez zen faltako. Baina baloratzekoa eta benetan eskertzekoa da nolako jarrerarekin oholtzaratu ziren arratsaldean. Hori da hori BECeko entzulearekin enpatizatzea! Jendeak gehiago nahi zuen, eta bertsolarien agurretan bi ziren kontzeptu nagusiak: etortzekoa zen eztanda eta olatuaren aparrean murgiltzeko desioa. Finala gozatu beharraren kontzientzia ere bazuten zortzi artistek. Saio laburragoa da arratsaldekoa. Buruz burura orduko hiru ariketa baino ez daude, eta goizean baino zailagoa da puntuetan tartea egitea edo jatea. Oraingoan, epaileen puntuazioari erreparatuta, arratsaldeko saioko lehenak zortzigarrenari ateratako aldea goizeko lehenak bigarrenari ateratakoa baino txikiagoa izan zen. 

Seiko motzeko ofizioan ekin zioten lanari berriro. Ariketa honetako gaien ezaugarria da ez dituztela bertsolariak oposizio markatuan jartzen, ezta abiapuntu bereko elkarrizketa hutsean ere. Elkarrizketa abiapuntu bera dirudien egoera baten planteatzen zaie, baina batek besteari zerbait proposatu edo iradoki izan dion testuinguruan. Hor bertsolarien esku dago proposamena onartuz osatzea elkarrizketa, edo kontra egin eta oposizioa markatu hasieratik.

Lau bertsoaldietatik hirutan, bigarren aukera hartu zuten bertsoaldia abiatu zuten bertsolariek (Elortza, Sarriegi, Lujanbio) eta pareko posizioan aritu ziren bestean (Agirre eta Mendiluze). Badirudi oposizioan jardutea errazago zaiela bertsolariei. Lau ofizioetan planteamenduetan asmatu zutela esango nuke, nahiz emaitzak desberdinak izan. Osoena, agian, Sarriegik eta Colinak osatu zutena. Erantzukizuna jasan ezin duten komertzialak izaki, Colinak bere lehen bertsoan CAF enpresa aipatuta "ta gutxi falta da nire trena / deskarrilatzeko" metaforarekin hasteak mesede egin zion bertsoaldiari, gai lehorra samurtzen asmatu zutelako elkarrekin. Gainera, azkenean Sarriegik sukaldeko lana aipatuta Colinak ederki borobildu zuen, gaurko ogia biharko gosea dela gogoraraziz. Elortzak zalantzaren bidea hartu zuen Gaztelumendik eutanasiagatik inhabilitatutako medikuaren aldeko sinadura eskatuta, baina azkenean ez zuen asmatu jarrera horretan bertsoaldia errematatzen. Gaztelumendik lan dotorea osatu zuen, bigarren bertso bikain batekin. Lujanbiok ere, portuko zamaketariak zirela, zalantzaren eta ezezkoaren bidea aukeratu zuen Arzallusek armaz betetako kontainerrak kargatzeari uko egitea proposatuta. Ez ikusiarena egiteaz gogoetatu zuen, azkenean eraikitzen ari diren hormarekin lotuz. Ez zuen lan erraza eta horrenbestean atera zuen. Arzallusek ondo ekin zion, armak gero Parisen (geure etxean?) lehertu zitezkeela ohartaraziz, baina nire ustez ez zuen ondo bideratu gero, Maialeni hil eta gero zer janik ez zuela izango erantzunda, ezta  "biktimarena eginez gabiltz / piztia laguntzen" amaitu zuenean. Nik ez nuen Lujanbio biktima paperean ikusi. Agirre eta Mendiluze koadrilakoak ziren; lagun bati haren bikoteak nola hitz egiten zion kezkatuta, Aitorrek harekin hitz egin behar zutela proposatu zion.  Arriskua bazuen gaiak, bi gizonezko izanda gaia nola enfokatu. Ondo Mendiluze, hasieratik izena (eta generoa) jarrita lagunari (Miren). Eta paternalismotik urrunduta, bide egokia hartzen asmatu zuen, neskak berak ikusi behar zuela lehenik eta, azkenean, erabakia harena zela. Agirre ondo hasieran, baina bigarren bertsoa ez zuen luzitu eta honi bai, paternalismo kutsua atera zitzaion azkenerako: "agian zerbait esan behar zaio / bere mutilari".

Ditxosozko puntukako saioa gero. Ez dut uste gustukoena denik bertsolarientzat txapelketa baten, eta epaileontzat puntuatzen zailena da, askogatik. Entzuleari begira oso erakargarria denik ere ez dut ukatuko, eta horregatik irauten duela gehituko nuke. Launa bertso osatuta, hiru bertsoren pisua hartzen du puntuetan (beste ariketen pisu bera izan dezan), eta ariketak eskatzen duen erritmo azkarrak zaildu egiten du gure lana. Bertsolarientzat ere badu arriskua. Zaila da kolpe onez bete eta betelan hutsik gabe amaitzea eta errazegia hanka-sartzeren bat egitea erritmo azkarrak behartuta. Niretzako lan politena Elortzak osatu zuen, Colinaren laguntzarekin. Bikote hasiberria ziren ezagunez betetako jatetxean. Harro plantak eginda ederto ekin zion, puntu gehienetan ekarpena eginez, eta Colinak ere bide beretik eutsi zion, gero komunera buelta proposatuta eta, borobiltzeko, hurrengo zita etxean egitea hobe zutela esanda. Baina bakarra. Elortzaren kolpe baten ostean entzulea txaloka hasi eta Colinak ez zuen berehala jarraitu. 4-5 segundo horiek lartxo iruditu zitzaizkidan eta kontutan hartu beharrekoak. Antzekoa gertatu zitzaion Arzallusi, eta tartea laburragoa izan bazen ere, geldialdi nabarmena izan zuen bertsoaldiak; gainera, amaiera ere baldintzatu zion, lanak amaituta jarraitzear zegoelako. Agirrek ere ez zuen asmatu amaieran, biak makillatzaile izanda eta aurretik aurkezleak eta bertsolariak (eurak biak barne) aipatuta zituztenean, Ametsi zuzenean bota ziolako azken puntua. 

Bakarka kantatuz amaitu zuten lehen fasea. Bakoitzak gai bati kantatu behar zion, eta halakoetan aldea izaten da gaietan. Dramatikoegiak ote ziren irakurri izan dut, baina ez nago ados. Baziren umorerako tartea eskaintzen zutenak. Bizitza errealarekin lotutako ertzeko egoerak aukeratu ziren eta, izatekotan, egindako doinuen aukerak baldintzatu zezakeen gaiak seriotik eramatea gehiago. Ez baita lanik errazena neurri luzean umorea garatzea. Colinaren gaia zen umorerako tarte zabalena uzten zuena eta eskertzekoa izan zen urruñarraren lana zentzu horretan, Lehendakariarena eginez behinola zirikatzen zuten klasekide ohien afarian. Tamalez, doinua aukeratzen ez zen fin ibili oraingoan ere, nire ustez, eta tarteka sufritu ere egin genuen bera entzuten, goiko notetara iritsi ezinda. Hirugarren bertsoko betelan traketsagoak ere penalizatu zuen. Lan onak edo oso onak izan ziren denak, baina borobil-borobilik ez aukeran. Lujanbiorena hurreratu zen gehien. Pozik ez den amaren gaia egokitu zitzaion –emakume bakarrari, kasualitatez– eta ederto irudikatu zuen bere burua trantze horretan, ahoz gorako gogoetan eta elementuak elementuei lotuz kontakizunean. Xalbadorren doinuetako bat luzatuz berrasmatzea ere eskertzekoa erabat. Akatsen bat izatekotan, momentu baten lau urte eta erdiko harremana aipatu izana umearekin; sinesgaitzagoa egin zitzaidan neuri behintzat, norbere haurrarekin tarte horren luzean mantentzea berak hain ongi irudikatu zuen pozik-triste dikotomia hura. 

Gaztelumendiren lana asko gustatu zitzaidan. Eskarmentua badu finalista gazteenak bakarkakoetan, eta bikain egituratu zuen lan berria aurkitu eta familia apenas ikusten duenaren rolean: etxera sartu/irten kontrastean deskribatuz egoera lehenik, etxekoen bizitza galdu/soldata irabazi kontrastea gero eta aurrera egiteko, bikoteari lana utziko duela esaten gogoeta sinesgarria eginez. Mendiluzek lan ederra osatu zuen teknikoki, lehen lau lerro errimatuekin eta hizkuntza bihurritzen teknika bikainaz, nahiz faltan bota nuen azkenean zer ikasi deliberatu zuen jakitea. Agirrek lan polita osatu zuen goizean baino doinu egokiagoa aukeratuta, besteak beste. Arzallusen lanak onetik asko zuen. Hamar urteko umea harreran duenaren paperean enpatia polita erakutsi zuen gurasoekiko, hizkuntza trebe erabilita. Azken bertsoan hirugarren pertsonatik bigarrenerako jauzia behartua iruditu zitzaidan, azken puntuan egin baitzuen; hori eta umeari izena jarri ez izana falta zitzaion lana borobiltzeko. Sarriegik eta Elortzak txapelketako azken lanak zituzten. Txukun beste behin  beasaindarra, eta ondo zain dezatela opa diogu bizitzaren dantzarrean. Elortzari gairik zailena egokitu ote zitzaion. Clown ikastaroan izena eman duenaren azalean, horrenbestean aritu zen, betelanean karga gutxiago eskatzen zuen neurrian, kolpe politak botaz. Beti erakutsi du dotorezia txapelketetan eta badu baimena "sudur puntan jartzen zaidan / guztia egiteko". 

Buruz-buru azken olatu zoragarrian

Ikaragarri ona izan zen azken txanpa. Txapelerako emoziorik ez izan arren, Lujanbiok eta Mendiluzek biak emozionatu gintuzten. Zortziko handian bakearen artisauak ziren. Doinu berri eta ederra plazaratu zuten bertso-eskola kideek. Euskal gatazkaz ordurako gutxi entzun bazen ere, asetu zuten entzulea, beste ezein politikari edo eragilek inprobisatu barik ere nekez emango lituzketen titularrak eskainiz: "bidea ez zen Parisen hasi / ta ez da amaitzen Parisen" eta "gu ez garela, ilusioak / egiten gaitu artisau" Mendiluzek; "desarmea eskuz egin genuen / ta bakea eskuz esku", "laborariak gai izan gara / bi gobernu mugitzeko" eta "pakea ez da inoiz helduko / pakea joatea da" Lujanbiok. Hori guztiori elkarrizketa eta betelan txukunean. Bide beretik zortziko txikian ere, Lujanbio Mendiluze sei urteko umearen lagun imajinarioa zela. Bide batez, sarritan gehiegi eskatzen ote diogun bertsolari bati, bakarkakoetan umearen ahotik propio ari dela haren mundu-hizkera-pentsakerara lerratu beharraz. Gero eta argiago dut ez dela hiperkoherentziarik eskatu behar, bertsolaria umearen ahotik bezainbeste ari dela beretik kantatzen, eta aski dela erreferentziazko elementuak agertzen baditu bertsoaldiaren sinesgarritasunerako. Gai-jartzaile taldeak umearen lagun imajinarioarena plazaratzen duenean, intentzio horrekin egiten duelakoan. Kontua da oraingoan umeak dagoeneko haren beharrik ez duela esan diola lagun imajinarioari. Erraz aritu ziren, elkarrizketa bizian. Sorgin Maialen, "gero ere beharko dezu / zuk irudimena" edo "azalduko natzaizu / amets gaiztoetan"; ederki eutsi zion Mendiluzek, "ez da zure erruz baina / bukatu egin da" eta "lasai, beste lagun bat / aurkituko dezu" sententziarekin. 

Azken kartzelakoan izerdia hitza gaitzat emanda osatu behar zuten bertso bat bederatziko txikian. Bertso bat nahikoa ote den bien bertsokera bereiztu eta biekin gozatzeko. Azken ideia antzekoa zutela, Mendiluzek ez du akats txikiena ere egiten, zuzentasuna du ardatz, baina bada keinurik, lotsati baina jostari, eta umorea, eta arrazoi borobila. Norbere besapetik entzuleenetara, eta azkenean "baina denonak ez du / balio bera". Lujanbio bihurriago aritu zalea da. Hizkuntza bihurritzen du sarri zuzentasun pistetatik kanpo, esaldiak berrasmatzen bezala, baina errimaren gutxieneko progresioa zaindu du eta azken zati antologikoa dakarkigu: "izerdia zer den / zail da esaten zeren / jai eta astelehen / hartuta atseden / besterenetik asko / bizi da hemen". 

Hiru bertsotarako gaia: Bada ordu erdi auto-bera atzetik duzula. Bikain Mendiluze, herrigintzan kokatu zen, boterearen begietan susmagarri, teknikan eta arrazoian aberats, zortzi puntuko neurrian ezer soberan ez zuela. Duela lau urteko arratsaldeko Mendiluze berragertu zen, koska bat gora egiteko helburuarekin. Txapela kentzeko moduko txapeldunordea dugu. Txapelak Lujanbioren burua zuelako zain. Eta hura, burua, azken bertsometraia lantzen ari zen, bat-bateko gidoigile, irudien sekuentzia zinematografikoa ehuntzen. Pastelari ginda nola, azken perla jarri zigun belarrietan. Bezeroaren autoan doa emakumea, erruduntasunari buruz galdezka, eta hara sartu aurretiko Miribillako bueltak deskribatu ostean, autora itzuli eta atzeko ertzainengandik ihesi doa, Bilboko auzo ezagunetatik barrena. Sententzia gisa amaiera zoriontsurik ez, baina gordina, bizitza bezala: "Horrelakoxea baita / gu prostituton papera / irabazten dugula ere / galtzen ateratzen gera". Eta zinema aretoa zutik, txaloka. Beste behin lanok entzun eta gozatu besterik ez zaigu geratzen. 

Ez naiz gehiago luzatuko. Azken oharra baino ez. Txapelketan epaile gisa aritu naiz, baina ez nuen finala bera epaitu. Eta neure iritzia ematera mugatu naiz, kritika arrazoitu bat osatu asmoz. Askotan emango zuen epaileen puntuazioarekin kontraesanean aritu naizela. Batetik, kontuan izan haiek bat-batean epaitzen dutela, eta nik orduko ohar eta sentsazioak ardatz izanda ere, denbora izan dudala iritzia osatzeko, sendotzeko bezala egokitzeko. Bestetik, taldean ere balorazio desberdinak direla, bertsoak subjektibotasunetik daukana asko baita, eta guk puntuen batuketa baino ez dugula ikusten. Eta horrela behar du. Zorionak hemendik finalean epaitu zuten taldekideei, ikaragarri lan ona egin zutelako. Bide batez, baita gai-jartzaileei ere, lan handia baitago aurretik eta emaitza aberatsa izan delako. Eta nola ez, bertsolariei. Txapelketa osoan erakutsi duzuen maila itzela izan da, eta zuen buruei exijitzen diozuen besteko miresmena zor zaizue. Gaizki esandakoak ondo hartu, eta ondo esandakorik balego, gaizki ere ez. Ni ere gure buruaren kontra, gure munduaren alde.