Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gaur udaberri bat dabil

2017/12/22
"Txapelketa honetan erabili diren doinuei gagozkiela, esan daiteke benetako udaberria, loraldia, bizi izan dugula udazkenean. Oparoa izan da oso bertsolarien ekarria, bai doinu berrietan bai hautatutakoetan" Martin Aramendiren txanda, adituen analisien tartean.

[BTN17n ERABILITAKO DOINU ZERRENDA]

Gaur udaberri bat dabil. Izen hori du 2017ko Txapelketa Nagusian plazaratu den lehenbiziko doinu berriak. Oihana Iguaranek ekarri du bertso mundura. Urriaren 1ean erabili zuen lehen aldiz, Leitzako saioan, hasierako agurrean, eta esaldi horrekin hasi zuen bertsoa, Kataluniako erreferendumari aipamena eginez.

Txapelketa honetan erabili diren doinuei gagozkiela, esan daiteke benetako udaberria, loraldia, bizi izan dugula udazkenean. Oparoa izan da oso bertsolarien ekarria, bai doinu berrietan bai hautatutakoetan. Kopuruei erreparatzen badiegu, txapelketa batean behin ere ez da horrenbeste doinu erabili, eta ez da behin ere horrenbeste doinu berri plazaratu. Ugaritasunean ez ezik, nolakotasunean ere oso aberatsa izan da, eta ekarpen horiek guztiak biltzen eta sailkatzen ahaleginduko naiz lan honetan. 

Doinuak zenbakitan

Kontu jakina da garai batean askoz ere doinu gutxiago erabiltzen zituztela; hain gutxi, bertsolariaren izenez ezagutzen baititugu doinu haietako zenbait: Zepairena, Saibururena… Bakoitzak bere doinua zuen. Ez zuten doinu berriak plazaratzeko premiarik izango; zeukatena aski zuten esan nahi zutena esateko, edo zeukatenarekin moldatzen ziren behintzat.

Atzera begira jarrita, aro zaharreko azken txapelketan (1967), 20 doinu erabili zituzten guztira; 1980an, aldiz, 38 eta 1982an, 73. Erabilitako doinu kopuruak nabarmen egin zuen gora 1986ko txapelketan: 136; 1989an jo zuen goia, 156 doinurekin. Aipatu behar da 80ko eta 90eko hamarkadetako txapelketetan sari bat ematen zitzaiola doinu gehien erabiltzen zuen bertsolariari lehenbizi, eta gerora doinu berri gehien ekartzen zituenari; horrek ere izango zuen, noski, eragina gorako joera horretan. Hurrengo txapelketetan doinu gutxiago erabili ziren: 1993an 109, 1997an 105, 2001ean 103, 2005ean 110, 2009an 105, 2013an 118 eta 2017an 161.

Beraz, aurtengo txapelketan inoiz baino doinu gehiago erabili dituzte bertsolariek, eta doinu berriak ere inoiz baino gehiago izan dira, guztira 23. Konparazio batera, duela lau urteko txapelketan sei doinu berri plazaratu ziren, eta horietako hiru —Oso polita zara izatez, Bizkorra ez naiz baina badaukat eta Norbere mundu intimo—  askotan entzun ditugu eta entzungo ditugu oraindik; 2009ko txapelketan, aldiz, 16 doinu atera ziren, eta erdiak baino gehiago (9) soilik agurretan erabili ziren. 

Aire eta asmo berriak

Lau urtetan halako jauzia zerk eragin duen jakitea ez da erraza. Zenbaiti ulergaitza egiten zaio doinutegian hiru mila doinutik gora izanda doinu berriak sortzen eta enkargatzen ibiltzea, baina bertsolariak horretara jo badu, zerbaitegatik izango da: esan nahi duen hori esateko neurri-neurriko doinua nahi duelako, desberdin sortu nahi duelako —bertsolariek eurek esaten dute doinuak eragina duela pentsamenduan, testuan—, sortzen dituen testuei zigilu partikularra erantsi nahi dielako, besterik gabe ekarpen bat egin nahi duelako edo bestelako asmoren bat darabilelako.

Motiboak motibo eta asmoak asmo, kontua da 2017ko Txapelketa Nagusian 23 doinu berri plazaratu dituztela, eta azpimarratzekoa da horietatik gehienak (19) bertsotan, ariketa puntuagarrietan, erabili dituztela. Buruz burukoan, zortziko handiko ariketan erabili zuten doinua izan ezik, beste guztiak bakarkako lanean erabili dituzte. Neurriari dagokionez, aipatzekoa da gehienak berdinen moldekoak direla; hau da, puntu guztiak silaba kopuru berekoak dituztenak. Oraindik orain neurri horretako bi doinu —Baserrian jaio nintzen/Habanera eta Larogeita hamar urte— besterik ez zen erabiltzen; orain dozenatik gora dauzkagu.

Jatorriaren arabera, hiru multzotan sailka daitezke doinutegian jaso ditugun doinu edo aire berriak; esan nahi baita txapelketa honetan plazaratu eta bertsotan erabiltzeko modukoak direnak:

1.- Musikari batek bertsolariarentzat berariaz sortutako doinuak

Zortzi doinu bildu ditugu sail honetan. Logikoa denez, guztiak dira kontakizunezkoak,  eta neurri berdinekoak dira gehienak, puntu guztiak zortzi silabakoak dituztenak. Imanol Kamio musikari ereñotzuarrak A. Labururi, U. Agirreri eta A. Mendiluzeri egindako doinuak dira salbuespen; horiek puntu laburrak dauzkate hasieran edo tartean.

  • Ze ederra ze polita. Nerea Urbizu musikariak egina. J. Sotok plazaratu zuen Leitzan, kartzelako lanean. Neurri erregularra du, berdinen moldekoa da: hamaseikoa, 8 puntuz eta 8 silabaz.
  • Garai hau noizbait helduko zala. Imanol Kamio musikariak berariaz sortua. A. Laburuk plazaratu zuen Leitzan, kartzelako lanean. Neurriari dagokionez, 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hamarkadaren hasieran kaleratu ziren doinuen sailekoa da, neurri handikoa eta tartean puntu laburrak dituena: hamabikoa, handiaren moldekoa, 7 puntuz.
  • Berez ez nekien eta. Pello Ramirez musikariak sortua J. Maiarentzat. Tolosan erabili zuen lehen aldiz, hasierako agurra kantatzeko, eta, ondoren, kartzelako lanean.  Neurri berdinekoen sailekoa da: hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz.
  • Tabuak min direnean. Joxemari Ostolazak egindako doinua, Eltzegor taldearen argitaratu gabeko kopla doinu batetik abiatuta. S. Colinak plazaratu zuen, Bastidan, kartzelako lanean. Hau ere neurri berdinekoen multzokoa da: hamaseikoa, 8 puntuz eta 8 silabaz.
  • Baneza eta banitu. Imanol Kamiok sortutako doinua. U. Agirrek Irunen erabili zuen aurreneko aldiz, kartzelako lanean. Neurriari dagokionez, badu berezitasun bat: lau puntu motz ditu hasieran, eta segidan zortziko handi bat: hamabikoa, handiaren moldekoa, 8 puntuz.
  • Doinu honen izena da. Mikel Markez kantari eta musikariak A. Martinentzat egindako doinua.  Irungo saioan atera zuen, bukaerako agurrean. Doinu berria zela aditzera eman zuen bertsoaren lehenbiziko puntuan: "Doinu honen izena da/oraintxe esan dudana". Musikariek txapelketa honetarako berariaz egin dituzten doinurik gehienen antzera, berdinen sailekoa da hau ere: hamaseikoa, 8 puntuz eta 8 silabaz.
  • Kas Pote batzuk, txarroko ura. Imanol Kamiok sortutako doinua A. Mendiluzerentzat. Durangoko finalaurrekoan atera zuen, kartzelako lanean. Neurri aldetik Baneza eta banitu doinuaren atzekoa da; alde bakarra da haren hasierako 4 puntu motzak 8 silabakoak izatea eta honenak 10 silabakoak: hamabikoa, handiaren moldekoa, 8 puntuz.
  • Hogeitalaua Gabon gaua da. Hau ere Imanol Kamiok egindako doinua. Finalean atera zuen A. Mendiluzek, kartzelako lanean. Metrikari dagokionez, 1990eko hamarkadaren hasieran kaleratu ziren doinuen multzokoa dela esan genezake; zortziko handi bat da, tartean hiru puntu motz sartuta: hamaikakoa, handiaren moldekoa, 7 puntuz.  

2.- Kantariren baten doinua, bertsolariak moldatua edo egokitua 

Kantari baten doinua hartu, moldatu eta bertsotara ekartzea ez da joera berria. Doinutegian begiratzen badugu, adibide asko aurkituko ditugu, gure kantu tradizional asko eta asko bertso neurrikoak dira eta. Atzerriko kantarien doinuak ekartzea, ordea, joera berriagoa da. Azken bi hamarkadetan era honetako doinu ugari entzun ditugu, eta horietako batzuk plazan dabiltza oraindik.

Txapelketa Nagusi batean kanpoko kantari baten doinua erabiltzen lehena Jon Maia izan zen, 1997an; Pata Negra taldearen Camarón kantua baliatu zuen arratsaldeko saioari hasiera emateko. Igor Elortzak, 2001eko txapelketan, Manu Chaoren El Desaparecido ekarri zuen moldatuta (Gure lurrean hedatua da) eta X. Silveirak, 2005ean, Bebe abeslariaren Razones egokitu eta Gure herri ttiki hau da izeneko doinua utzi zigun. Orobat oso ezagunak dira Jon Maiak berak, 2006an, Azpeitiko gaztetxean egin zen saio batean plazaratu zuen Bob Marley-ren Redemption doinuaren moldaketa, Azken tragotxo hori hartu izenez jaso zena hiru urte geroago; edo Bob Dylanen Blowin' in the wind abestian oinarritutako Geldirik ezin naizela egon doinua. Azken hori Xabi Payak ekarri zuen 2009ko Txapelketa Nagusian, baina ordurako Ander Oleaga bermeotarrak erabilia omen zuen Bizkaiko txapelketaren batean.

2017ko Txapelketa Nagusian era honetako zazpi doinu bildu ditugu; horietatik bost atzerriko kantarienak dira, eta bi euskal kantarienak. Doinu berri guztiak bakarkako lanetan edo agurretan erabili dituzte, A. Mendiluzek eta M. Lujanbiok buruz burukoan atera zutena izan ezik:

  • Gaur udaberri bat dabil. Ismael Serrano kantautore madrildarraren Papa cuéntame otra vez kantua moldatu eta Leitzan plazaratu zuen O. Iguaranek, hasierako agurrean. Bakarkako lanetan erabili du harrezkero. Metrikari dagokionez, azken boladako doinu berri gehienen joerari jarraitzen dio, neurri berdinekoa baita: hamabiko berdina, 6 puntuz eta 8 silabaz.

  • Egunkarian ikusi nuen. Jaques Brel kantautore belgikarraren Ne me quitte pas abestia moldatu eta Bastidako saioan plazaratu zuen I. Elortzak, kartzelako lanean. Finalean ere doinu hau erabili zuen kartzelako lana egiteko. Metrika erregularra du: hamalauko handia. Hainbat doinu ekarri ditu I. Elortzak bertsogintzara, eta orain artekoak neurri laburragokoak izan dira.

  • Irun badaukazu zerbait. Andres Calamaro musikari eta kantari argentinarraren Paloma izeneko kantuan oinarritutako doinua da. Aitor Furundarena musikariak lagundu zion Sarriegiri moldaketak egiten, eta Irunen kantatu zuen lehen aldiz, hasierako agurrean. Saio berean, kartzelako lanean, erabili zuen, baita Iruñean eta Barakaldon ere. Metrika erregularra du, doinu berri gehienen ildo berekoa: hamaseikoa, 8 puntuz eta 8 silabaz.

  • Kirolarion bizitza dugu. Rosa Zaragoza kantari kataluniarraren La Voz izeneko kanta moldatu zuen N. Elustondok ahizparen laguntzarekin, eta Maulen plazaratu zuen, kartzelako lanean. Neurriari dagokionez, berdinen sailekoa da: hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz.

  • Haur bat izateko nahia. Luz Casal Coruñako kantariaren Negras sombras kantua egokitu zuen J. Martinek, eta Amurrion atera zuen, kartzelako lanean. Neurri berdinekoa da hau ere: hamaseikoa, 8 puntuz eta 8 silabaz.

  • Pertsonok ez al daramatzagu. Benito Lertxundiren Itzaltzuko Bardoa izeneko kantua bertso moldera egokitu, hamalauko handira, hain zuzen ere, eta Barakaldon atera zuen S. Colinak, kartzelako lanean. Aurrez, Iruñeko finalaurrekoan, O. Iguaranek kantatu zuen, bukaerako agurrean; molde bihurriagoa erabili zuen, ordea: neurri luzeagoa eta errima askokoa. Horregatik jaso dugu Sustrairen moldea, bertsotan erabiltzeko errazagoa delakoan.

  • Oraindik hango oihartzun hots bat. Imanol Larzabal kantariaren Naiari izeneko kantua da. Bertsotan oraindik erabili gabea zen zortziko handiko doinu hau. A. Mendiluzek eta M. Lujanbiok kantatu zuten, buruz buruko lehen ariketan.

Atal hau amaitzeko, aipatzekoa da Igor Elortzak txapelketari agur esateko erabili zuen doinua. Weezer talde estatubatuarraren Butterfly kanta moldatu zuen Igorrek berak, eta zortzi puntuko bertsoa osatu zuen, molde txikian. Aurrez 2012ko Bizkaiko Txapelketan erabili zuen doinu bera.  

3.- Bertsolariak berak sortua edo moldatua

Bertsolariak berak nahi edo behar duen neurriko doinua egitea ere ez da joera berria. Xalbador, X. Amuriza, X. Silveira, A. Mendiluze… Hainbat bertsolarik plazaratu izan dituzte doinuak, eta doinu horietako batzuk erruz erabili izan dira, eta erabiltzen dira oraindik ere. Badira bertsolariak —eta ez gutxi— doinua kantatzen duten aldiro aldatzen edo berritzen dutenak; eta zer ez ote dute egingo beren buruarekin bertsotan ari direnean, txapelketarako edo plazarako prestatzen? Auskalo zenbat doinu pasatzen dituzten buruan, eta batek daki zenbat buelta ematen dizkioten, plazara ateratzeko egokia dela iritzi arte.

Txapelketa honetan bertsolariek eurek sortuta ekarri dituzten lau doinu hauek beste doinu batzuen gainean edo haietatik abiatuta sortuak direla esango nuke; niri behintzat, puntu batzuetan, beste doinu batzuk ekartzen dizkidate gogora:

  • Etxe bat da leku goxo. I. Apalategik berak moldatu eta Leitzan plazaraturiko doinua, kartzelako lanean. Lehenbiziko puntuek Gai honek badu mamia doinuaren antz handia dute, eta neurria ere antzekoa du, Apalategiren hau luzeagoa izatea: hamaseiko ertaina.
  • Joan nintzen Irakera. O. Barrosok berak egin eta Zallako saioan atera zuen doinua. Oinarrian doinu zahar bat baino gehiago dituela ematen du. Neurri txikiko doinuak erabili zalea da Odei, eta neurri txikiko doinua ekarri digu: hamalauko txikia.
  • Apirilaren hamalaua zen. N. Gabilondok moldatu eta Zumaian atera zuen, kartzelako lanean. Hamabiko handia da, eta hasieran Txikitatikan edukia dut doinuaren antza du.
  • Lau urtez behin txapelketa. I. Apalategik moldatu eta Durangon plazaratu zuen, hasierako agurrean. Gero, saio berean, kartzelako lanean ere erabili zuen. Doinu berri gehienak bezala, berdinen multzokoa da: hamaseiko berdina, 8 puntuz eta 8 silabaz.

Doinu berri horiek guztiak doinutegian jasota daude dagoeneko, bakoitza bere pentagrama, midi eta fitxarekin. Aurrerantzean hor egongo dira, nork hautatuko eta nork aterako plazara. Denborak esango digu zer ibilbide egiten duten, baina pentsatzekoa da, beste hainbat doinurekin gertatu den antzera, batzuk nekez entzungo ditugula berriro, eta beste batzuk, aldiz, bertsolari askoren ahotan ibiliko direla, bere horretan edo eraberrituta. 

Zaharrak berritzen 

Asko hitz egin da txapelketa honetan doinu berriei buruz, ahalegin eta ekarpen handiak egin baitira, baina ez da txikiagoa izan bertsolari batzuek doinutegiari eman dioten astindua. Isilean zeuden doinu zahar zenbait entzuteko aukera izan dugu, eta belarri-zapore ederra utzi digute. Bereziki aipatu nahi nuke Leitzako saioa, han hasi zen-eta gerora bizi izan dugun loraldia, nola doinu berriei hala zaharrei dagokienez. Badakigu zailagoa dela binakako lanean doinu berri bat ateratzea edo  zahar bat berreskuratzea; horretarako, bi bertsolariek egon behar dute ados, eta biek ondo jakin behar dute doinua. Urriaren 1ean planeta guztiak alineatu ziren, eta gozatu ikaragarria hartu genuen, agurretatik beretik hasita. Gure munduko bizimodua, Itxaspe aldian egin bazan hau, Konfesatuta hau esateko, Menditarra naiz eta gogoan, Azienda bat dago, Gizona da zoroa…

Azken doinu hori —beste batzuk ere bai seguru asko, baina ez dut eskura hori egiaztatzeko daturik — lehen aldiz erabili da Txapelketa Nagusi batean. Zortziko txikiko doinua da izatez, eta J. Sotok hamarreko txikira luzatu zuen Leitzan, amaierako agurra kantatzeko. Xalbadorrek Odolaren Mintzoan jasotako doinua da, Ene errekontrua izeneko bertso sortarekin, eta haren emazte Leonik kantatzen du, liburuarekin batera argitaraturiko kasetean. Leitzako saioaren ondoren, hiru aldiz erabili dute zortziko txikiko ariketan, eta hiruretan U. Agirre zegoen tartean: Durangon A. Karrika lagun zuela, Iruñean O. Iguaranekin batera eta Barakaldon A. Sarriegirekin.

Doinu zahar berreskuratu edo gutxi entzunen artean aipatzeko modukoak dira beste hauek ere: Ameriketatik buelta eginda I, Agur eta ohore I, Nehoiz ez da senditzen eta Zeruari begira. Azken hori M. Artetxek eta O. Iguaranek erabili zuten Durangon, zortziko txikiko ariketan. Txapelketa batean lehen aldiz erabili da; izan ere, nahiko doinu berria da; Iruñeko Bertso Aroko saio batean erabili zuten lehen aldiz J. Maiak eta M. Lujanbiok, saio hartan gaiak jarri zituen Ainhoa Aranbururen ekimenez. Dues princeses barbudes talde katalanak sortutakoa da, eta Gaueko Entziklopedia Koxkorra diskoan argitaratua. Doinutegia den itsaso zabal horretan hain dira ezezagunak batzuk, berriak iruditzen baitzaizkigu inork plazara ekartzen dituenean.

Bestalde, azken txapelketetan hainbat bertsolarik erabili izan dituzte doinu zaharrak, bakarkako lanean, beren komenentziara luzatuta edo moldatuta. Mutil koxkor bat itsuaurreko, Haizea dator ifarraldetik, Ez nau izuten negu hurbilak III, Beste bateko inularretan — M. Lujanbiok hiru aldiz erabili du aurten; duela zenbait urte O. Pereak erabili zuen—, Eguzkiak urtzen du han goian, Lurraren pean sar nindaiteke… Zerrenda luzea da, eta gehiago luzatu behar dugu, beste bi doinu zaharberritu zituzten-eta finalean:

  • Kintak jarrita ondorenian / Kubako gerrarena. Txirritaren bertsoz ezagutzen dugun zortziko handiko doinu hau hamaseiko handi bihurtu zuen M. Lujanbiok Barakaldon, goizeko saioan, kartzelako lanean.
  • Hogeigarren urtera III. Zortziko txikiko doinu tragikoa, hamalauko txikira luzatu zuen A. Arzallusek Barakaldon, kartzelako lanean. Mikel Laboaren Lore sortu orduko kantua da, eta Joan Batista Elizanbururen hitzak ditu.

Bide interesgarria eta polita da, zalantzarik gabe, doinu zaharrak berreskuratzea eta nahierara moldatzea. Bertsoaldi gogoangarriak utzi dizkigute azken txapelketetan, 2001ekoan M. Lujanbiok Haizea dator ifarraldetik doinuan sortutakoetatik hasi, eta aurten sortu dituenetara, Beste bateko inularretan, Lurraren pean sar nindaiteke edo Kintak jarrita ondorenian doinuak berrituta. Normalean, gainera, doinu berriek baino harrera hobea izaten dute entzuleen aldetik; erraz iristen dira, berehala identifikatzen dira eta lehenengo entzunalditik jasotzen dute entzuleen onespena. Bide emankorra eta zabala da, baina bide guztiek eskatzen dutena eskatzen du honek ere: ibiltzea, aurrera ez ezik alboetara ere begiratzea, eta ezer gustukorik aurkituz gero, probatzea. 

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet doinuak biltzen, sailkatzen, izendatzen, partiturak sortzen eta beste hainbat eginkizunetan lagun izan ditudanei; hauen laguntza nahitaezkoa izan baita lan hau gauzatzeko: Joanito, Dorronsoro, Felix Irazustabarrena, Itsaso Noya, Miren Izagirre eta Oihana Aranburu. Eskerrik asko eta bejondeizuela!