Gaur bildutakoa, bihar denon eskura
Xenpelar Dokumentazio Zentroak urteetan bildutako bertsoaldiak gordetzen ditu bere baitan, dela argazki, ikus-entzunezko eta audio forman. Bilketa lanerako borondatezko lagunen sare zabala du dokumentazio zentroak; Zumaia da horretan ereduetako bat.
Joanito Dorronsoro aitzindari da bilketa lanetan. Ikastolak sortu berriak zirela, euskal kultura kutsatu eta bertsolaritza zabaldu beharra sentitu zuen eta horretantxe murgildu zen buru- belarri 1980 urte inguruan. "Antonio Zavala jesuita gaztea lan eskerga egiten ari zen material bilketan. Lan hura aberastu eta umeen eskura erabilgarri izan zedin egokitzeari ekin genion", dio Dorronsorok. Xabier Azkuek zein Maialen Velardek Joanitorengandik jasotako eredua jarraitu dute.
Zure herrian bildutako bertso saioak dituzu? Bertsolaritzaren datu basean denon eskura jarri nahi dituzu? Jarri harremanetan Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin: xenpelar@bertsozale.eus | +34 943 69 42 77
Bildutako materiala Xenpelar Dokumentazio Zentrora bidaltzen dute eta hirurak bat datoz honelako dokumentazio zentro bat izatearen garrantzia aipatzean. "Kultura transmitituko baldin bada, bildu eta jendearen eskura jarri behar da. Bertsolaritzak eta herri honek arnasa hartu eta aurrera egingo badute, behar-beharrezkoak dituzte Xenpelar Dokumentazio Zentroa bezalako bilgune eguneratuak", arrazoitu du Dorronsorok. "Jasotako datu horietara jotzen dugu bertso eskoletako materiala prestatzeko, hurrengo saioetako gauzak ez errepikatzeko, atzera begirakoa egin behar dugunerako…", gehitu du Velardek.
Dokumentazio zentro bizi eta dinamikoa izan dadin, ordea, bazka eman behar zaio: "Bertsozale Elkarteak apustu handia egin zuen Xenpelar abiarazteko eta horri esker, ikerketak egiteko material ezin hobea dago denon eskura. Elikatzen jarraitzeko, ordea, funtsezkoa da herriz herri materiala bilduko duten bertsozaleen sare on bat edukitzea", nabarmendu du Azkuek.