Finalaurrekoekin batera, saio osagarriak izango dira Bastidan eta Maule-Lextarren
Urriaren 28an izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa, Bastidan. Saio horren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Bastidako Udalak. Horrela, saioaren bezperan, hilaren 27an, kantu poteoa egingo da, iluntzeko 20:00etan herriko plazatik hasita.
Larunbat berean, goizetik beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, 12:00etan herriko plazan Plaza bete poz emanaldia eskainiko du Oskar Estanga bertsolari eta musikariak. Horrez gain, 12:00etan inguruko hainbat upategi bisitatu ahalko dituzte Bastidara hurbiltzen diren bertsozaleak. Hain zuzen, Tierra, Mitarte, Solaguen, Aimarez, Gontes eta Remelluri upategiak izango dira bisitatzen ahalko direnak. Horretarako, saioaren egun berean herriko turismo bulegoan eman behar da izena. Bisitak 3 euroko prezio berezia du.
Horren guztiaren ostean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa jokatuko da, udal kiroldegian, 17:00etan hasita.
Herri bazkaria, Sohütako ikastolaren eskutik
Azaroaren 4an jokatuko da Maule-Lextarren txapelketako 3. finalaurrekoa. Saio horren harira, Sohütako Eperra ikastolak bazkaria antolatu du. Bazkaria ikastolaren ondoan dagoen Sohütako gelan egingo da. Txartel kopurua mugatua da, 200 lagunek bazkaltzeko aukera izango dute bertan.
Bazkaria 15 euroan da, eta honakoa da menua: kuia krema edo salda, axoa eta arroza, gazta, bixkotxa, kafea eta patxarana, ogia eta ardoa. Bazkarirako erreserbak ondoko telefonoan egin behar dira: (+33) 681 811 439 (Pantxika).
Bazkariaren ostean, 17:00etan, Maule-Lextarreko Ororena jai alain jokatuko da finalaurrekoa. Saioaren ostean ere, bertan taloak dastatzeko aukera izango da.