Final laurdenak amaituko dira larunbatean, Tolosan
Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdena jokatuko da larunbatean, Tolosan. Beotibar pilotalekuan izango da saioa, 17:00etatik aurrera. Atzo iragarri moduan, amaitu dira saiorako sarrerak eta, beraz, ez da egunean bertan leihatilik zabalduko. Aretora sartzeko ateak 16:00tan zabalduko dira.
Ion Zalduak gidatuko du saioa eta oholtzan ariko den seikotea honakoa da: Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia. Puntu gehien batzen dituen bertsolariak Maule-Lextarreko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 4an, jada saio horretarako saikatuta dauden Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin batera.
Tolosako sarrerarik gabe geratu bazara, www.bertsoa.eus atarian izango duzu saioa zuzenean jarraitzeko aukera; bestalde, biharamunean saioko bertsoaldien hautaketa zabala eskainiko da webgune horretan bertan, eta baita ETB1eko Hitzetik Hortzera saioan ere, 15:00etatik aurrera.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurden hau antolatzeko Tolosako Udalaren eta Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunearen laguntza izan du Bertsozale Elkarteak.
Finalaurrekoak zehaztuko dira
Seigarren eta azken final laurdena izanik, Tolosan jazotakoarekin ezagutuko ditugu nortzuk ariko diren finalaurrekoen lehen itzulian eta parte hartzaile bakoitzak non egingo duen bertsotan. Hala, osatuta geratuko dira Bastidako, Irungo, Maule-Lextarreko eta Durangoko saioak. Finalaurrekoetan sartuko dira txapelketara, bestalde, duela lau urte finalista izandako sei bertsolari: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina.