Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Ezusteko gehiagorekin dator Aulki-Jokoa

2017/11/24
Bertsolaritza, literatura, musika, argazkigintza… arte-diziplina horiek guztiak izango ditu asteleheneko Aulki-Jokoak. Gaueko, 22:30ean, ETB1en.

Berri Txarrak taldeko bateria-jotzailea da Galder Izagirre, eta baita argazkilaria ere. Lehenengo ofizioa ez, baina bigarrena behin baino gehiagotan gurutzatu zaio bertsolaritzarekin. Txapelketa Nagusiko argazkilaria izan da: hainbat euskarritarako argazkiak atera dizkie bertsolariei eta bertso-saioei askotan begiratu die argazki-kameraren atzeko zulotxotik. Txapelketa Nagusiaren ikuspuntu berezi hori erakutsiko dio Galder Izagirrek Edurne Azkarateri Donibane Lohizuneko saioan. 

Zeresan handia ema ohi dute Txapelketa Nagusiko gaiek. Gustukoak izaten dira batzuetan eta kritika-iturri beste askotan. Gai-jartzaile taldearen ardura da saioetako gaiak prestatzea eta euren bilera batean sartu ditugu gure kamerak nola lan egiten duten ikusteko. 

Miren Amurizarekin egingo dugu aste honetan doinuen bide ezkutua. Zimur zimur egina da doinua sortu zuen berak Chavela Vargasen Se me olvidó otra vez kantuan oinarrituta. Edurne Azkaratek Juantxo Zeberiorekin batera aztertuko du jatorrizko kantua eta bertso-doinua, pianoa lagun dutela. Euzkitzerekin 1993ko Txapelketa Nagusira joango gara, eta zezenaren lekuan jarrita kantatu zituen bertsoak oroituko ditugu. 

Bezperako bertsoaldi onenak, Andoni Egañak hautatuta

Igandean Donibane Lohizunen jokatuko da Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko azkenaurrena. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio ariko dira kantuan eta saioaren balorazioa egingo du astelehenean Andoni Egañak. 

Aulki-Jokoa, astelehenean 22:30ean, ETB1en.

Jarraian, Donibane Lohizuneko bertsoaldiak Hitzetik Hortzeran

Igandean Donibane Lohizunen jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko azkenaurrena. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio ariko dira kantuan. Hango bertsoaldi onenak eskainiko ditugu astelehen gaueko Hitzetik Hortzeran, Aulki-Jokoa amaitu eta segidan, 23:30ak aldera.

Gai-jartzaile taldearen bilera ikusiko dugu zirrikitu batetik.