Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Euskalduntzen ari direnentzako Ikasgela atal berezia sortu dugu

2017/11/02
Bertsolari Txapelketa Nagusiko webgunera sartzen denak Ikasgela izeneko atala aurkituko du. Bertan, hainbat ikus-entzunezko material bildu ditugu, bertsolaritza eta euskal kulturara hurbiltzen laguntzeko. Batez ere, euskalduntzen ari direnentzako dago pentsatuta, baina bertsolaritza gehiago ezagutu nahi duen edonorentzat tresna aproposa izan daiteke.

Bertsolari Txapelketa Nagusiak astindua dakar, eta aukera ederra izan liteke euskalduntzen ari direnentzat ere, euskararekin eta euskal kulturarekin harremana sendotzeko. Olatua ahalik eta gehien baliatu nahian, Bertsozale Elkarteak txapelketari jartzen dizkion helburuen artean jasoa du euskalduntze mugimendura iristea.

Hala, euskaltegientzat eta irakasleentzat hainbat baliabide eskuragarri jarri nahi izan ditugu, lagungarri izango zaielakoan txapelketan zehar ikasleekin bertsolaritzaz eta euskal kulturaz aritzeko. Txapelketako webgunean atal berezi baten barruan bildu ditugu horiek denak eta euskalduntzen ari direnez gain, bertsolaritzara hurbildu nahi den edonorentzat da egokia.

Ikasgela izena jarri diogu atal berezi horri eta gaia lantzeko ikus-entzunezko materialak jarri ditugu. Hor aurkituko dituzue, besteak beste, Txapelketa Nagusia 2017 aurkezteko bideo laburrak, aurreko edizioetako bertsoaldi historikoak, txapelketako segitzeko murala, sintonia, Bertsolari filmaren promoa… Halaber, kulturarteak leku nabarmena du Ikasgela atalean: bertsolariak eta munduko inprobisatzaileek egin dituzten saioen lagin bat jasoa dugu bertan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Aurreko txapelketetako bertsoaldi historikoak aurki daitezke Ikasgelan.