Euskal Kazetaritza Saria jaso du Bertsolari Txapelketa Nagusiak
Pertsonaia edo Giza Instituzioari dagokion 2017ko Euskal Kazetaritza Saria eskuratu du Bertsolari Txapelketa Nagusiak, "komunikabideekin duten harremanagatik eta komunikazio on bat dela eta, euskal kulturaren zati bat berreskuratzeagatik".
Astelehenean egin zen sari banaketa Bilboko BBK aretoan, 19:30ean hasita. Idoia Jauregi eta Dani Alvarez kazetariek egin zituzten aurkezle lanak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari egokitu zitzaion Pertsonaia edo Giza Instituzioari dagokion saria ematea. "Esango nuke Bertsolari Txapelketa Nagusia euskal kulturak azken hamarkada hauetan Euskal Herrian eman duen kultura arloko ekitaldirik handiena, nagusiena, dela" azalduz hasi zuen bere hitzaldia eta txapelketako finala Barakaldon egitearen garrantzia azpimarratu zuen "euskaldun gehien bizi eta agian euskara gutxien hitz egiten den lurraldean finala egiteak oso plataforma berezia" eman diolako bertsolaritzari "Barakaldotik Euskal Herri osora zabaltzeko". Elkartearen lana ere goraipatu du: "Elkarteak bidelagun izan ditu bertsolariak, haiek dira protagonista nagusiak, baina Bertsozale Elkarteak egin duen ahalegin hori gabe ez litzateke ulertuko gaur Bertsolari Txapelketa Nagusia" eta bide horretan gaineratu du beste gaitasun bat ere izan duela, "hedabideetara hurbiltzea eta hedabideekin elkarlan bide bat sortzea"; hala, gaur egun, Euskal Herrian Txapelketa Nagusiari garrantziarik ematen ez dion hedabiderik ez dagoela adierazi du.
Estibalitz Esteibar Bertsozale Elkarteko Komunikazio arduradunak jaso du saria lantaldearen izenean. Epamahaiari eskerrak eman eta gainerako sarituak zorionduta, Bertsozale Elkartearen ibilbidea gogoratu du Esteibarrek, elkartearen beraren 30. urtemuga dela ere gogoraraziz, eta "bertsolarien eta zaleen eskutik, bertsolaritza garaira egokitzen asmatu" dela azalduz. "Elkartearen sorreran aritu ziren kideek bisio eta intuizio handia izan zuten estrategia pentsatzerakoan. 30 urteotan esku eta buru asko izan dira elkartea elikatu dutenak eta sari hau guzti horien lanaren emaitza da. Komunikazio eraginkor bat gauzatzeko ezinbestekoa da komunikatu nahi den horrek berezko balioa izatea", gaineratu du eta horrek proiektuari "sinesgarritasuna" eman diola azpimarratu du Esteibarrek.
Mila esker ekarpena egin duzuen guztioi! Lanean jarraituko dugu...