Errimatuta dator asteleheneko Aulki-Jokoa
Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus izango dira Aulki-Jokoa saioko protagonistetako bi. Bertsotan etxean ikasi zuten eta bakoitzak bere modura bizi du bertsolaritza. Oinarri beretik abiatutako bi bideak elkartuko ditugu astelehenean, ahal bada bertsotan. Horrez gain, Jon Maiarekin doinuen bide ezkutuetan ibiliko gara eta latinez egingo dugu bertsotan Anjel Mari Peñagarikanorekin.
Txapelketa Nagusiko saioetan bertsolariekin egon ohi da Ander Elortegi. “Kartzeleroa” da bera, eta bere ardura da bertsolariak zaintzea, “kartzela”-ko egonaldia goxatzea eta joan-etorrietan laguntzea. Berarekin ibiliko da Edurne Azkarate Durangoko saioan eta inoiz telebistan ikusi ez diren uneak erakutsiko dizkigute.
Durangoko bertsoaldi onenak Andoni Egañak hautatuta
Igandean Durangon jokatuko da Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa, lehen itzuliko azkena. Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan eta hango bertsoaldi onenak ekarriko dizkigu Andoni Egañak. Saioa amaitzeko errima izango du aztergai zarauztarrak. Zein bertsolari izango ote du lagun oraingoan?
Aulki-Jokoa, astelehenetan 22:30ean, ETB1en.