Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

"Egun hiru belaunaldi elkartzen dira Leitzako bertso eskolan"

2017/09/28
Igandean iritsiko da Leitzara Bertsolari Txapelketa Nagusia. Zortzi urte pasatu dira leitzarrentzat, azkenekoz 2009an izan baitzen han. Orduko hartan herriak ahalegin handia egin zuela gogoan du Miel Mari Elosegi "Luze"k eta oraingoan ere hala izatea espero du. Pilotak, harriak eta bestelako herri kirolek erakarmen handiago duten arren, etorkizun oparoa aurreikusten zaio Leitzako bertsogintzari.

2001ean sortu zen bertso eskola Leitzan, Diego Riañoren eta Elosegiren beraren eskutik. "Orduan ez genion bertso eskola deitzen, ez baikenuen irakaslerik: Diego eta ni neu batzen ginen eta pixkanaka jende gehiago hurbildu zen. Egun zazpi lagun gabiltza, eta hiru belaunaldi elkartzen gara", azaldu du.

Urteetan Leitzako erreferentzia Manuel Lasarte izan da. "Leitzan jaio zen bera; gero, 12 urterekin, Aia eta Orio aldera joan bazen ere. Haren belaunaldiko bertsolari asko dago Leitzan, baina gehienak ez dira txapelketan ibiliak; erreferentziarik gertukoena Juan Perurena goizuetarra genuen. Gero etena egon zen, eta gazte gutxi". 2001ean, joera hori iraultzeko, bidea abiatu zuen bertso eskolak.

"Iaz 15. urteurrena bete genuen eta jendea hasi da gutaz oroitzen". Beren toki propioa ere egin dute bertso plazan: abuztuaren erdialdean egiten diren San Tiburtzio jaietako ohiko saioaz gain, beste bat egiten baitute formatu xumeagoan. "Festetan muturra sartzen hasi ginenean, dastaketetan eta antzerakoetan kantatzen genuen eta jendeak kasu gutxi samar egiten zigula-eta,  Aurrera Elkartearen atarian dagoen plaza txikian saioa egiten hasi ginen. Eta oso pozik gaude. Lehen urtean 20 bat lagun, gerora 30…; hurbileko saioa da eta gu ere oso eroso sentitzen gara. Gure tokia aurkitu dugu".

Leitzan, gainera, zaleak erakartzea ez da egiteko erraza, han badira-eta errotutako bestelako zaletasun batzuk, pilota edota herri kirolak kasu. "Egun Leitzako bertsozale klasikoa gutxi hurbiltzen da: profil gazteago bat dugu. Aizkorak, harriak, herri kirolek askoz ere jende gehiago erakartzen dute gurean, baina pixkanaka goraka goaz. Gu oso pozik gaude, atzetik datozen gazteek gorakada hori sendotu dezaketela ikusten dugulako".

Festetan egiten den saioak gero eta harrera hobea du. Arg: Leitzako bertso eskola