Donibane Lohizune, hurrengo helmuga
Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio ariko dira igandean Donibane Lohizunen egingo den finalaurrekoan. Bertsolari Txapelketa Nagusia finalaurrekoetako bigarren itzulian dago jada, eta bi saio baino ez dira geratzen finalari begira jartzeko.
Fernando Anbustegi izango da saioa aurkezten. Jai Alaiean izango da, 17:00etatik aurrera; ohi bezala, 15:30ean zabalduko dira ateak eta sarrerak aurretik amaitu ezean, leihatila 15:00etan zabalduko da. Internetez eskura daitezke sarrerok www.bertsosarrerak.eus atarian.
Bertsozale Elkarteak gogorarazi nahi du txapelketako saio guztietan aforoa mugatua dela eta beraz, saioetarako sarrerak aurrez erostea gomendatzen dugu. Aste honetan bertan amaitu dira azken finalaurreko saiorako sarrerak eta, saio horretakoak eta finalekoak bukatuta, txapelketa bertatik bertara jarraitzeko eskuragai dauden sarrera bakarrak dira Donibane Lohizunekoak.
Bezperan, Hernandorena Sariketaren finala
Asteburuko plana osatu nahi duenak proposamen ederra du larunbaterako ere. Baionako Zizpa gaztetxean, 21:00etatik aurrera, Hernandorena Sariketako finala izango da. Urriaren 27an hasi zituzten kanporaketak eta horiek pasata, finalean lehiatuko dira Aratz Igartzabal, Maider Arregi, Maialen Akizu, Nahia Sasco, Aitor Servier eta Jon Gurrutxaga.