Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Darwin eta gu

2017/09/19
"Arteaz eztabaidatu zuten Someran, bertsolaritzaren funtzio politiko-sozialaz eta rockaz Kutxin, gaztetxean hartu zuten azkena eta okupaturiko etxeko zoruan etzan zenean, auskalo zein sustantziaren eraginpean baina ekibokatzeko beldur handirik gabe, ziur bota omen zuen Charlesek: "hortik, hortik joango da"". Asteartero izango dugun adituen gogoeten tartea, Uxue Alberdik zabaldu du bere ekarpenarekin.

Txapelketa Nagusietan Darwin bertsolaritzaren eboluzioari begira jartzen da eta espezie honen bilakaerak norantz egingo duen aurresaten saiatzen da. Tximeleta beltzak seinalatzen ditu zurien artean eta esaten du: "hortik, hortik joango da". Denboran lehenagokorik apenas dakidan, baina Darwinek Xabier Amurizarekin paseotxo bat eman omen zuen Donostiako Balda pilotalekuaren ingurumarietan. Biak ala biak dotore jantzita zihoazen; errimaz, bertso-eskola sortu berriez, euskara batuaz eta Proustez aritu ziren sagardoa edaten zuten bitartean. "Bihur bekizkit hesteak harri hori ez bada horrela" erantzun omen zion Etxanokoak Darwinek hautespen naturalaz idatzitakoari.

Bizardunak –Amuriza bizargabea zen 80an– zita jarri omen zuen handik igaro zen zaparro zarauztar batekin handik urte gutxira malekoian osteratxo bat egiteko. Eite intelektualarekin laketu ziren Munoatik Iñurritzara, Charlesek azkure egiten zuen kokotsean Andonik Ducadosak erretzen zituen bitartean. Sarasuarekin hartu omen zuten kafea eta Joxerra Gartziarekin kopa. Xebastianek uko egin zion Darwinekin zitatzeari. Bertsozale Elkartearen funtzioaz, erretorikaz, doinu ar eta emeez eta futbolaz aritu ziren, eta politikaz poxi bat. Gitarra jo zuen Sarasuak. Egañak hondarretan utzitako oinatzak aztertu zituen Darwinek atzekoz aurrera, lagin batzuk gorde, artxibatu. Hondarretan, maskor hautsien artean, zirimolak, ardagaiak eta leoncastilloak.

Gazte kuadrilla bat begiz jo zuen Darwinek, punk kontzertu batetik bueltan zetozela zirudien. Kasu egin zioten Andoniri. Patilladunari erreparatu zion, motots horailekoari, ile-kizkurrari, txikiari, flakoari, serioari. Hurrengo hitzordua haiei zor ziela ohartarazi zion Egañak. Bilbon egin zuten parranda bat eta Gasteizen beste bat. Arteaz eztabaidatu zuten Someran, bertsolaritzaren funtzio politiko-sozialaz eta rockaz Kutxin, gaztetxean hartu zuten azkena eta okupaturiko etxeko zoruan etzan zenean, auskalo zein sustantziaren eraginpean baina ekibokatzeko beldur handirik gabe, ziur bota omen zuen Charlesek: "hortik, hortik joango da".

Mihi-gaiztoek diote berandu iritsi zela Darwin Lujanbiorekin Hernanin 2009an jarritako zitara, teoria berri bat gogoetatzen entretenitu omen zen zientzialaria. Barkamena eskatu ondoren elkarrekin abiatu ziren Onddi aldera, bizi-bizi. Gobara erantzi eta garondoko izerdia lehortu zion Maialenek Charlesi. Estiloa edertzeaz eta idortzeaz jardun ziren, deskribapenaz, narrazioaz eta tximeletarena egiteaz galdegin zion Darwinek, baina errekako ur berriari begira gelditu zen Lujanbio: "Nire helburua litzateke esatea. Gure inguruko gauzei buruz hitz egitea. Hutsaren gainean dantzan ez ibiltzea". Isilik egin zuten itzulerakoa.

Hendaiako hondartza. Hankapetik igaro zaio Darwini baloia, zahartuta dago. Intxaurrondo baten itzalera erretiratu dira lasai solastera. Dotore mintzo da Amets, erraz, polit: plazer du Charlesek hari aditzea. Minaz aritu dira, munduarena den gure minaz eta gurea ere baden munduarenaz, mugez, nazioarteko politikaz, Odolaren mintzoaz, lanketa ideologikoaz, imitazioaz eta desimitazioaz, norbere haria bilatzeaz. Betaurrekoak erantzi ditu, lurrundu, garbitu, berriro jantzi. "Eta hiri zer irudizen zaik, Charles?"

Tximeleta bat igaro da pinpilin-pausa. Hendaian bizi den idazle batek diosal egin die urrutitik. Txikia da, bizia, badator. Solasean hasi dira, eta idazleak esan die liburuetako pertsonaiei eskatzen dien gauza bera galdatzen diela bertsolariei: sinesgarriak izatea –"bizitzen ari dira, ez gidoi bat jokatzen!"–; adierazkortasuna; esateko zerbait izatea; gogoan geratzea; intentzioa –esatekoa, kontatzekoa, izatekoa, jolastekoa, eragitekoa–; esaten ez dutena, iradokitzea; ikusten ez duguna ikusaraztea, gure baitan oihartzunak sortzea eta... pertsonaiei beraiei buruz gehiago jakiteko gogoz uztea irakurlea, beraz, entzulea. "Gorroto dut bertsolariak ikustea azterketa bateko ariketak ebazten, ariketak ebazten badakitela demostratzen, hori aurresuposatu egiten diet!"

Pentsakor gelditu da Darwin, gazte batzuk ikusi ditu auto baten barruan, zurbila, txikia, luzea, ilehoria, kaskamotz ezpain-gorria... Besoa jasota agurtu ditu Ametsek. "Nora doaz?", galdetu dio Darwinek. "Ez naiz ziur", erantzun du bertsolariak, "baina segiezu, badaezpada".

Eta bitartean, ehunka ale ari dira mugitzen, bizitzen, eragiten, ugaltzen, mutatzen... Bertsolaritzaren eboluzioa definitzen.

Uxue Alberdi