Binaka jolastuko gara Aulki-Jokoan
Kronikak, elkarrizketak, erreportajeak... handia da Txapelketa Nagusiaren bueltan egiten den kazetari-lana. Saio hasieran hasten dira kazetarien buruak eta hatzak lanean, eta saioa amaitutakoan ia azkenak izaten dira etxera joaten. Amagoia Mujika da Txapelketa Nagusiaren jarraipena egiten duen kazetarietako bat, eta berarekin egongo da Edurne Azkarate Iruñeko saioan. Ea ze titular jartzen dion azken finalaurrekoari.
Txapelketa Nagusian saioz saio dabiltzan bertsozaleek kilometro asko egiten dituzte kotxean. Kristina Mardaras eta Justo Alberdik Euskal Herria zeharkatu dute udazken honetan. Bertsolariak eta bertsozaleak dira biak, Kristina Mardaras izan zen Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehen emakumea eta Justo Alberdi izan du urte horietan guztietan bertsokide eta bizikide. Kotxeko orduak kantuan egiten dituzte eta horrek asko errazten die bidea.
Atzera begira jarrita, 1991ra joango gara Iñaki Muruarekin. Bertsotan asko erabili izan den Baserrian jaio nintzen doinua plazaratu zuen Xabier Leteren Habanera abestian oinarrituta. Iñaki Muruak berak kontatuko digu nola moldatu zuen abestia eta nola plazaratu zuen. Juantxo Zeberiok jatorrizko kantua eta bertso-doinua aztertuko ditu pianoa lagun duela. Eta Miren Amurizak 2009ko bertso batzuk ekarriko dizkigu, Fredi Paiarekin Laudion osatutako ofizioa.
Iruñeko bertsoaldi onenak Andoni Egañak hautatuta
Larunbatean Iruñean jokatuko da Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa. Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre ariko dira kantuan eta saioaren balorazioa egingo du astelehenean Andoni Egañak Edurne Azkaraterekin batera.
Aulki-Jokoa, astelehenean 22:30ean ETB1en.