Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bihartik aurrera, bertso asteburuak Euskal Telebistan

2017/10/27
Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak zuzenean eskainiko dira ETB4n eta bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko Hitzetik Hortzeran ETB1en. Horrez gain, astelehenean estreinatuko den “Aulki-jokoa” saio berriak Txapelketa Nagusia izango du ardatz.

Lehen fasea amaitu eta astebeteko atsedenaldiaren ostean, aurrera jarraituko du Txapelketa Nagusiak larunbatean. Bastidan jokatuko da lehen finalaurrekoa eta han izango dira kantuan Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina. Saioa zuzenean eskainiko da ETB4en, arratsaldeko 16:50etatik aurrera Aitzol Barandiaranek eta Manex Agirrek kontatuko digute Bastidan gertatzen den guztia. 

Bastidako bertsoaldi onenak Hitzetik Hortzeran

Hitzetik Hortzeran Txapelketa Nagusiaren jarraipena egiten jarraituko dugu. Asteburu honetan Bastidako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu; igandean 15:00etan ETB1en. 

“Aulki-jokoa” telebista saio berriak Txapelketa Nagusia ardatz

Astelehenean estreinatuko da Aulki-jokoa telebista-saio berria. Edurne Azkaratek aurkeztuko du eta Txapelketa Nagusia ardatz hartuta, egungo bertsolaritzaren gakoak eskainiko ditu. Andoni Egañak asteburuko saioen errepasoa egingo du astero eta bertsoak sortzeko edo entzuteko aintzat hartu beharrekoaz arituko da. Juantxo Zeberiok bertso-doinuen ingurukoak kontatuko dizkigu, pianoak lagunduta. Horiez gain bertsolariak, Txapelketa Nagusiko antolatzaile eta parte-hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak…. izango dira saio berrian.

Ez da aitzakiarik, Txapelketa Nagusia eta bertsolaritza jarraitu nahi dituenak, larunbatetik aurrera aukera bat baino gehiago izango ditu Euskal Telebistan. 

Aitzol Barandiaran eta Josu Goikoetxea, aurreko edizioan zuzeneko emankizuna eskainiz. / Alberto Elosegi - XDZ