Bihar Zallan; etzi Zumaian
Hitzordu bikoitza izango du Bertsolari Txapelketa Nagusiak asteburuan.
Larunbateko saioa Zallako Mimetiz pilotalekuan izango da eta oholtza gainean ariko dira Eneko Abasolo "Abarkas", Jone Uria, Miren Amuriza, Odei Barroso, Oihane Perea eta Onintza Enbeita. Idoia Anzorandia izango da saioko aurkezlea.
Zumaian, berriz, hauxe da igandean, Aitzurin, oholtzaratuko den seikotea: Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal. Marta Ugartek gidatuko du saioa.
Final laurdenotan puntu gehien batzen dituzten bi bertsolariek finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratuko dute: Zallako irabazleak Durangon kantatuko du azaroaren 12an, eta Zumaiakoak, Maule-Lextarren azaroaren 4an.
Bi saioak 17:00etan hasiko dira eta ateak 16:00tan zabalduko dira bi aretoetan. Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurden hauek antolatu ahal izateko Zallako eta Zumaiako udalen zein Zallako Anitz bertso eskolaren eta Zumaiako bertso eskolaren ezinbesteko laguntza jaso du Bertsozale Elkarteak.
Finalerako sarrerak, saioetan eskuragai
Zumaiako sarrerak ostegunean amaitu zirenez, ez da leihatilarik zabalduko igandean. Zallako saiorako, aldiz, www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke sarrerak gaurko 18:00ak arte eta leihatila 15:00etatik aurrera zabalduko da bihar, aurrez sarrerak amaitu ezean.
Bestalde, gogorarazi, saioetan mahai bat atontzen duela elkarteak eta bertan Lanku Kultur Zerbitzuen produktuez gain, Elkartera bazkidetzeko aukera dagoela. Gainera, Txapelketa Nagusiko finalerako sarrerak ere izango dira eskuragai bertan.
Xehetasun gehiago, www.bertsozale.eus atarian.