Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsozaleen topagunea izango da Barakaldo igandean

2017/12/12
Bertsolari Txapelketa Nagusia amaierara iritsiko da igandean BECen jokatuko den finalarekin. Aurrez finalistak prentsaurrean elkartu dira han bertan, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria den Iñaki Muruarekin eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuarekin.

Bost egun baino ez dira falta duela ia hiru hilabete abiatutako bideari azkena emateko. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatuko da igandean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta gaur prentsaurrean eman dira saioaren inguruko xehetasunak. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak eman dituzte azalpenak, iganderako sailkatu diren zortzi bertsolariekin batera: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat GaztelumendiIgor ElortzaMaialen LujanbioSustrai Colina eta Unai Agirre. .

14.600 lagunek jarraituko dute finala bertatik bertara: "Pozgarria da jendeak finalean egoteko erakutsi duen irrika. Euskal Herrian dagoen areto estalirik handienean egingo dugu; zoritxarrez ez da bertsozale guztientzako lekurik baina pozik gaude zaleen erantzunarekin", azaldu du Muruak. Finalaz harago, bertsozaleek txapelketa osoan zehar "primeran erantzun" dutela gaineratu du.

2017-12-12 BTN17 Iñaki Murua eta Lorea Bilbao

Txapelketa Nagusiak zazpi herrialdeak lotu ditu eta "horrela, herri euskaldunek eta ez hain euskaldunek, bertsozaleek eta ez hain bertsozaleek hartu dute txapelketa. Bestela bertsolaritza nekez ailegatuko zen eremuetara eta jendearenganaino iristeko balio izan du". Horietan guztietan elkarlanean aritu da Bertsozale Elkartea tokian tokiko eragileekin. Bestalde, elkarteko langileenaz ez ezik, ezinbestekoa izan da borondatezko lantaldearen ekarpena.

Parte hartzaileen lana ere goraipatu du Muruak: "Oholtzatik, bakoitza beretik, ekarpen asko eta askotarikoak egin zaizkio bertsogintzari; bertsogintza izaten ari da txapelketaren ardatza".

Sebastian Lizaso, txapel-emaile

Aurten Sebastian Lizaso azpeitiarrak jantziko dio txapela irabazleari. Joxe Lizaso aitaren eraginez txikitatik bertso giroan hezia, 1986an izan zen txapeldun eta txapeldunorde 1989an eta 1997an. Azken urteetan bera da plaza gehien egiten dituen bertsolarietako bat.

Nazioarteko begirada, Mintzola Terrazatik

Euskaldunik ez den bertsozalerik izango da BECen igandean. Mintzola Ahozko Lantegiak gonbidatuta, mundu osoko aditu eta arituak izango dira beraientzat propio atondutako Mintzola Terrazan: ikertzaile eta ahozko kantu inprobisatuko sortzaileak ez ezik, atzerriko hedabideak ere izango dira gurean.

Bestalde, aretorako sarrerarik lortu ez duenak ere izango du txapelketa jarraitzeko aukera hainbat hedabideren lana tarteko: Bertsoa.eus atarian zein ETB1en zuzenean ikusi ahal izango da saioa Aitzol Barandiaranek eta Ilaski Serranok aurkeztuta eta Uxue Alberdiren iruzkinekin.

Iganderako prest gaude.

Zortzikotea gaur goizean, BECen / XDZ