Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsolaritzaren ikerketa sasoi onean da

2017/11/16
Bertsolari Txapelketa Nagusian gauzatzen ari den ikerketa soziologikoa da horren adierazleetako bat, baina badira martxan dauden beste hainbat lan. Urrutira joan gabe, gaur bertan jakinarazi da Mintzola Ahozko Lantegiko eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako ikerketa proiektu saria nork eskuratu duen; proiektuetako batek zerikusia du aurtengo Txapelketa Nagusiarekin.

Bertsolaritzari buruzko ikerketa proiektuen sariak esleitu dituzte aurten ere Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak. Bi sari zeuden banatzeko eta biak eman dira: bata, Ane Labakaren 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik ikergaiarentzako izan da. Labakak aurretik ere umorea eta genero ikuspegia uztartzen zituen ikerketa lana osatu du aurreko deialdi batean eskuratutako sariari esker eta orain txapelketako testuingurua baliatuko du. Bestea, Beñat Muguruzak aurkeztutako Hitanoa bertsolaritzan: behera baina nola? proiektuari egokitu zaio.

15 ikerketa martxan

Bertsolaritzaren ikertegiak berebiziko garrantzia du Mintzola Ahozko Lantegian eta berau sortu zenetik, unibertsitateekin elkarlanean, bertsolaritza aztergai duten ikerketa aleak ereiten dihardu. Urteotan ale horiek ureztatu, kimatu eta zaindu egin dira eta fruitu ederrak eman dituzte. Uzta emankor horren ondorio dira egun martxan dauden 15 ikerketa.

2013tik Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek zein Mikel Laboa Katedrak ikerketa kontratuen deialdia egin izan dute bertsolaritzaren ikerketari bultzada emate aldera.

Handik urtebetera proiektu sarien esleipena jarri zen martxan; master amaierako lanak ahalbidetzen dituzte sariok, eta hala, gerora ikerketa kontraturako aukera zabaltzen zaie ikertzaileei.

Bestalde, beste hainbat erakundek martxan jarritako diru laguntzei eta begirada bertsolaritzan jarri duten beste zenbait ikertzaileri esker, bertsolaritzari loturiko ikerketa gehiago ere ekinean direla eta horiei ere aholkularitza eskaintzen zaiela Mintzolatik. Bertsolaritza ikertzeko heldulekua edozein izanda ere, Xenpelar Dokumentazio Zentroak baliabide ugari eskaintzen dizkie ikertzaileei, erreferentzia, argazki, audio edo bideo forman.

Berriki amaitutako ikerketak edota martxan daudenak - hauei gehituko zaizkie, gaurko ebazpenean aipatutako ikerketak -:

  • Ahots kantatuaren sintesia. Bertsolaritzarako egokitzapena :: Xabier Sarasola Aramendia
  • Ahozko hizkeraren ezaugarriak bertsolarien bat-bateko jardunean :: Eñaut Agirre Goia
  • Bertsoaren Agenda. “Agenda setting”ak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina :: Oihana Iguaran Barandiaran
  • Bertsolarien garuna :: Kepa Paz-Alonso (BCBL)
  • Bertsolaritza eta emakumea :: Jone Miren Hernandez Garcia
  • Bertsolaritza eta irudia :: Beñat Romera del Cerro
  • Bertsolaritza eta kazetaritza :: Antxoka Agirre Maiora
  • Bertsolaritza doinuan sorkuntza automatikoa :: Izaro Goienetxea Urkizu
  • Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik :: Ane Labaka Mayoz
  • Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea :: Miren Artetxe Sarasola
  • Bertsolaritzaren prosodia :: Ainhoa Aizpurua Insausti
  • Bertsozaletasunaren ikerketa soziologikoa :: Mintzola Ahozko Lantegia - UPV/EHU
  • Hizkuntzalaritza konputazionaleko teknikak bertsolaritzan :: Aitzol Astigarraga Pagoaga
  • Oiartzungo bertsolarien kantaera: analisi musikologiko konparatiboa :: Itziar Navarro Ibáñez
  • Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia :: Jon Martin Etxebeste

UPV/EHU Uda Ikastaroetan ezagutu genituen ikerketetako batzuk. / XDZ