Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren emankizunak Argia Saria jaso du

2018/01/26
Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik lortu dute Argia Saria 2017ko Txapelketa Nagusiari egindako jarraipenagatik. Ekoizpena Bertsozale Elkarteak eta EITB taldeak garatu dute elkarlanean.

Argia Sariak 2018 banatu berri dira eta ikus-entzunezko saria Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik jaso dute, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerdietatik hasita finaleraino egindako jarraipenagatik. Bertsozale Elkarteak eta EITB taldeak ekoitzi dute elkarlanean emankizuna. Aitzol Barandiaranek egin ditu gidari lanak eta Uxue Alberdik iritzi-emailearenak - Bastidako finalerdian Manex Agirre aritu zen -.

Sari banaketa gaur izan da Usurbilgo Atxega Jauregian. Kepa Matxain kazetariaren eskutik jaso dute saria Barandiaranek eta Alberdik. "Kezka handiz hartu nuen lan hau, lagun asko direlako oholtza gainera igotzen direnak. Errespetuz egin nahi genuelako, inori minik eman gabe, baina gurekiko eta ikusleekiko ahalik eta finena izanez. Sari hau eman badiguzue, hein handi batean lortu dugula iruditzen zait", azaldu du aurkezle eta bertsolari ataundarrak. "Lan hau ez dugu bakarrik egin: gure jardunak luzitu zezan lantalde handi bat izan dugu atzetik, Euskal Telebistatik eta batez ere Bertsozale Elkartetik. Lagundu gaituzten guztiei besarkada bana", gehitu du.

Lankide izan duen Uxue Alberdirentzat ere esker oneko hitzak izan ditu eta baita hark berarentzat ere: "Nire aldetik ere eskerrik asko denoi. Aitzoli lehendabizi lan hau onartzeko baldintza garrantzitsuenetako bat Aitzolekin jardutea zelako, egiten dudan horretan eskertzen dudalako zaintza, lanarekiko ardura eta umore ona, eta banekien hori Aitzolekin ziurtatuta egongo zela. Uste dut hortik aurrera saiatu garela bertsoaren ezaugarri formalak identifikatzen ikusentzuleak gehiago gozatuko eta apreziatuko zuelakoan, baina jakinik bertso onaren zirrara handiena ezin dela esplikatu".

Ikus-entzunezko Argia Saria da Aitzol Barandiarani eta Uxue Alberdiri egokitu zaiena. Gainerako sarituei dagokionez, irratiko saria Jokin Aldazabalek gidatzen duen Euskadi Irratiko Ekosfera saioarentzat izan da; prentsa idatzizko saria Harmaila aldizkariarentzat eta haren egile diren Eñaut Barandiaran, Aitor Manterola eta Iñaki Berastegirentzat; Interneteko saria Txantxangorria.eus webgunearen arduradun Gabi de La Mazarentzat; sustapen ekintza saria Iruñeko Udalari eman zaio; eta merezimenduzko bi sari banatu dira, bata Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei, eta Bakearen Artisauei bestea.

Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdi, Maule-Lextarreko saioan./ Alberto Elosegi - XDZ