Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 jasotzen duen lana, eskuragai
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako Txapelketa Nagusiari buruzko lan mardula kalean da: 492 orrialdeko liburua eta CDa. Txapelketaren dokumentazio lan biribila da, eta hainbat edukiz osatuta dago.
Alde batetik, txapelketako 14 saioei buruzko kronikak eta saio bakoitzetik hautatutako bertsoak transkribatuta ageri dira liburuan. Irakurri ez ezik, bertsoak entzun ere ahal izango dira, hautatutako bertsoaldi guztien audioak daudelako entzungai erantsitako CDan; zaleen gozamenerako ia 200 bertsoaldi batu ditugu, hau da, 700dik gora bertso. Horrez gain, doinuen azterketa eta partiturak ere badaude. Hori guztia txapelketan jasotako argazki dotorez jantzita.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan egin daiteke eskaera edota Internetez Lankuren dendan: eskuratu hementxe!
Adituen analisiak tartean
Bestalde, hainbat adituk talaia ezberdinetik behatu dute txapelketa, eta beraiek idatzitako iritzi eta analisiak ere jaso ditugu liburuan: Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea, Harkaitz Cano idazlea, Karin Barber antropologoa edota Endika Gutierrez "Invert" raperoak beren ekarpena egin dute.
Informazio orokorra ere topatuko du irakurleak: bertsolari parte-hartzaileak, sailkapena, historia…
Jada eskuragai
Lan hau Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ondu du eta eskuragarri dago Lanku Kultur Zerbitzuen www.lanku.eus atarian zein Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonan duen egoitzan. Salneurri arrunta 30 eurokoa da - bidalketa gastuak gehitu behar zaizkio erosketa Internetez eginez gero - , eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzako 25 eurokoa izango da kostua.