Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Beñat Gaztelumendik irabazi du Maule-Lextarreko saioa

2017/11/04
694,5 puntu bildu ditu Añorgakoak eta azaroaren 19an Amurrion izango den finalaurrekorako sailkatu da zuzenean. Ia 1.200 lagun bildu dira gaur Maule-Lextarreko Ororena jai alain.

Kanpoko euri zaparradaren oihartzuna barruko bertsoaldiekin nahastu da gaur Maule-Lextarreko Ororena jai alain; asko izan dira aterpean Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa jarraitzeko hautua egin dutenak, 1.180 lagun, eta beste horrenbestek jarraitu ahal izan dute etxeko goxotasunean, www.bertsoa.eus atariaren bidez, ETB4ko zuzeneko emankizunari esker eta beste hainbat hedabideren emankizuna tarteko.

Saroi Jauregiren aginduetara jarri dira gaur Etxahun Lekue, Beñat Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Nerea Elustondo, zozketak erabakitako hurrenkeran. Zortziko handian eta txikian aritu dira bertsolariak; puntu-erantzunetan ostera; sei puntuko motzean binaka berriro ere; eta, azkenik, kartzelako lana bete dute Saroi Jauregik emandako gaiari erantzunez: "Zure ibilbideko unerik onenean zaude. Zure jarduna uztea erabaki duzu".

Beñat Gaztelumendik eskuratu ditu puntu gehien, 694,5, eta honenbestez, azaroaren 19an Amurrion izango den finalaurrekoan oholtzaratzeko txartela lortu du zuzenean; gainerakoek, datorren igandean Durangoko finalaurrekoan gertatzen denaren zain geratu beharko dute: 668,5 puntu eskuratu ditu Julio Sotok; 663 Nerea Ibarzabalek; 656,5 Etxahun Lekuek; 637,5 Nerea Elustondok; eta, 604 Beñat Iguaranek. Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan dira gaur epaimahaian eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Miren Itziar Basterretxea.

Bertsozale Elkarteak Maule-Lextarreko Herriko Etxea eta Koblaka elkartea eskertu nahi izan ditu saioa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Lehen itzulia, amaitzear

Bi itzuli ditu finalaurrekoak eta astebeteren buruan hiru saio eginda, bakar bat baino ez da geratzen lehen itzulia amaitzeko. Durangon izango da azken hitzordu hori datorren igandean, azaroaren 12an. Saio horren ondotik, 18 bertsolarik egingo dute aurrera eta 6 geratuko dira kanpoan.

 

Amurrion, azaroaren 19an, oholtzaratuko da berriro Beñat Gaztelumendi.