Baigorrin ekingo zaio Bertsolari Txapelketa Nagusiari larunbatean
Irailaren 23an, larunbat honetan bertan, jokatuko da Baigorrin Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen final laurdena. Bertsotan ariko dira Aimar Karrika Iribarren, Ander Lizarralde Jimeno, Alaia Martin Etxebeste, Beñat Ugartetxea Ostolaza, Mikel Artola Izagirre eta Xabi Maia Etxeberria. Joana Itzainak aurkeztuko du saioa.
17:00etan izango da saioa Baigorriko Ezker Paretan. 15:00etan zabalduko da sarrerak erosteko leihatila eta 16:00etan aretoko ateak. Interneteko salmentari dagokionez, sarrerak ostiraleko 18:00ak arte izango dira eskuragai www.bertsosarrerak.eus atarian. Sarrerak zenbakitu gabeak dira, beraz, garaiz ibiltzea gomendatzen da.
Txapelketa on!
Gaur, aurkezpen ekitaldia Amasa-Villabonan
19:30ean hasita, aurkezpen ekitaldia egingo da gaur Bertsozale Elkartearen egoitzan, Amasa-Villabonako Subijana etxearen atarian. Txapelketaren nondik norakoak ezagutuko ditugu parte hartzaileen eta antolatzaileen ahotik eta txapelketaren aurretik guztiok elkartzeko abagunea eskainiko du hitzorduak. Aurkezpen ekitaldi irekia izango da.