Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Baigorriko Basaizea elkartea, euskal kulturaren hauspoa

2017/09/22
Bihar abiatuko da Baigorrin Bertsolari Txapelketa Nagusia. Saioa antolatzeko orduan ezinbestekoa izan da Baigorriko Herriko Etxearen laguntza, baita Basaizea elkartearena ere. Mota guztietako kultur ekitaldiak antolatzen ditu Basaizeak urte osoan zehar eta horien artean bertsolaritzak leku nabarmena izan ohi du. Horrez gain, Etxauzia proiektua ere sostengatzen du Basaizeak.

Iragan mendeko 80ko hamarkadan sortu zen Baigorrin Basaizea elkartea. Aldatu ez dituen hiru helburu argi izan ditu hastapenetik: herria biziaraztea, herria euskalduntzea eta Baigorri Euskal Herriko mapan kokatzea, Euskal Herriko beste eskualde, herri eta jendeekin harremanak sortuz.

Antolatzen dituzten kultur ekimen guztien artean 1978tik urtero egiten den Nafarroaren Eguna da sonarik handiena duena. Maiatzaren azken igandearekin ospatu ohi da eta aurreko asteetan egiten den Kulturaldiaren amaierako ekitaldia izan ohi da.

Nolanahi ere, Basaizearen ekimena ez da horretara mugatzen; mota guztietako kultur ekitaldiak antolatzen dituzte urte osoan zehar. "Nafarroaren Eguna gure filosofiaren erakusleihoa baldin bada ere, urtean zehar herria biziarazten saiatzen gara ekimen oso anitzak proposatuz: hilabeteko merkatua, kontzertuak, eztabaidak, filma proiekzioak, antzerkiak…", laburbildu du Amaia Castorene elkarteko kideak.

Kultura ekimen horien barruan, bertsolaritzak ere bere tartea izaten du. "Basaizeak, euskal kulturaren sail aktibo bat bezala, beti egin dio leku bat bertsolaritzari bere egitarauan, izan dadin bertso afari edo sorkuntza berezi baten bitartez. Horrez gain, Bertsularien Lagunak elkartearekin bertso saioak antolatuak izan dira elkarlanean: Hernandorena saria, Xilaba…".

Gaur egun Basaizea osasuntsu dagoela dio Castorenek, 100 kide inguru ditu elkarteak, belaunaldi desberdinak batzen ditu, "eta sekulan baino ideia ugari ditugu geroari begira".

Horrez gain Baigorrin abian dagoen beste proiektu garrantzitsu bat ere sostengatzen du Basaizeak, Etxauzia nafarren etxearena. "Nahiz eta bi elkarte desberdin izan helburuek bat egiten dute: herria eta euskal kultura biziarazi eta Euskal Herriari ideki. Horregatik, behin baino gehiagotan ekitaldiak antolatu ditugu egitasmo hori gauzatzeko xedearekin".

Besteak beste, urtero egiten den Nafarroaren Eguna antolatzen du Basaizeak.