Atzekoz aurrera Aulki-Jokoa saioan
Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdi dira Txapelketa Nagusiaren aurpegiak Euskal Telebistan. Zuzeneko emisioa aurkezten du Aitzol Barandiaranek eta iritzi-emaile lanak egiten ditu Uxue Alberdik. Amurrioko saioan beraiekin egongo da Edurne Azkarate, eta euren lana nola egiten duten erakutsiko digute Aulki-Jokoan. Nola prestatzen dira kamerak piztu aurretik?
Doinuaren atalean Xabier Amurizarekin egongo gara. Salve regina gregorianoa moldatuta sortu zuen bertso-doinua eta berak kontatuko digu nola egin zuen. Juantxo Zeberiok jatorrizko kantua eta bertso-doinua aztertuko ditu pianoa lagun duela. 1993ko Txapelketa Nagusira joango gara Jokin Sorozabalekin, eta ezagun egin diren bere puntu-erantzunei buruz ariko gara.
Bertsolarien gune naturala da bertso-eskola. Oholtzan ondo aritzeko, bertso-eskolan egiten dute ondo eta gaizki. Oiartzungo bertso-eskolan jarriko dugu kamera ezkutua: Alaia Martin, Jon Martin eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" elkartzen dira han eta lan nola egiten duten erakutsiko digute.
Amurrioko bertsoaldi onenak Andoni Egañak hautatuta
Igandean Amurrion jokatuko da Txapelketa Nagusiko bosgarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko lehena. Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina ariko dira kantuan eta saioaren balorazioa egingo du astelehenean Andoni Egañak.
Aulki-Jokoa, astelehenean 22:30ean ETB1en.