Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Asteazkenean jokatuko da Irunen bigarren finalaurrekoa

2017/10/30
Irungo Artaleku kiroldegiak hartuko du asteazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa. Ohi bezala, sei bertsolarik hartuko dute parte 17:00etan hasiko den saioa. Sarrera guztiak salduta, asteazkenean ez da leihatila irekiko.

Aimar Karrika, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre dira Irunen kantatuko duten sei bertsolariak. Maite Berriozabalek aurkeztuko du saioa. Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa da Irungoa. Saioa 17:00etan hasiko da, Artaleku kiroldegian.

Irungo saioarako sarrera guztiak saldu dira jada. Aforoa beteta, asteazkenean ez da lehiatila irekiko. Aretoko ateak 15:30an irekiko dira.

Lehen itzuliko gainerako finalaurrekoetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Asteazkeneko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 26an Donibane Lohizunen jokatuko den bigarren bueltako finalaurrekora. Irungoa eta Bastidakoaren ostean, beste bi finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Maule-Lextarre eta Durango. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailatuko diren 18 bertsolariak. Amurrio, Donibane Lohizune eta Iruñean izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak.

Jarraitu saioa zuzenean

Aitzol Barandiaran eta Uxue Alberdiren eskutik, ETB4n zuzeneko emankizuna jarraitzeko aukera izango da. Era berean, www.bertsoa.eus atarian ere entzun eta ikusi ahal izango da. Bertsoaldien bilduma aipatu webgunean izango da biharamunean eta Hitzetik Hortzera telebista saioan.

Irungo oholtzara igoko den seikoa.