Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Anomalia

2017/12/22
"Nire ustez, aurtengoak bektorearen erpin normalera apur bat gehiago gerturatu garela erakusten duten inoiz baino adierazle gehiago izan ditu". Manex Agirreren ekarpena aste honetan.

Testu honetan zera egingo dut: txapelketak gaur egungo euskal kultura-sisteman duen lekua ulertzeko saiakera bat. Eta, gero, saiakera horrek ez duela balio esango dut.

Bektore bakar baten bidez irudikatu beharko bagenu euskararen kultura-hezurdura (jakinda bektore bakarrak ez duela balio, gehiago daudelako, eta, beraz, jakinda gaizki esplikatzen hasi garela. Baina ez dezadan bukaera aurreratu), bektorearen alde batean jarriko genuke hizkuntza gutxituaren estatus berezia, hemendik aurrera "ez normala" deituko duguna, eta beste aldean hizkuntza normalizatu baten estatus arrunta, hemendik aurrera "normala" deituko duguna. 

Ikuspegi hau adibide batzuekin ilustratze aldera: "ez normalaren" aldean kokatuko lirateke hizkuntza gutxitu batean presentzia noranahikoa duten faktore soziolinguistikoak, eta faktore horiek hizkuntza horren kultura-sisteman duten eragin estrukturala. Beste aldean, "normalarenean”, kokatuko genituzke faktore kultural hutsak, inolako interferentzia soziolinguistikorik ez luketenak. 

Hizkuntza gutxitu bateko kultura-sistemaren parte bazara, parte zaren sistema horri zilegitasuna, balioa eta aitortza ematen botako duzu izerdia (hala bota dugu guk, eta botatzen dugu egunero). Hau da, antzezgai, kantagai, idazgai duzun ardatz hori bektorean “ez normaletik" "normalerako" bidean mugitzen saiatuko zara. 

Txapelketa zer den, eta bertso-mugimenduaren barruan zein pisu izan behar duen jendeari esplikatzen pedagogia-intentzio sanoa izan dugu bertso-munduaren jiran gabiltzanok (erlatibizatzen zenbat ahalegin, bertsozale-zonbi saldoaren beldur edo) baina, egia esan, gero norberak aukeratzen du beretzat zer den eta zer ez. Elur-bola bera bakarrik hazten da. Beraz, eta ondorioz, bakoitzak aukeratzen du "ez normal – normal" bektorearen zein koordenadatan kokatu txapelketa.

Nire ustez, aurtengoak bektorearen erpin normalera apur bat gehiago gerturatu garela erakusten duten inoiz baino adierazle gehiago izan ditu. Zerrenda luzea izan daiteke: sare sozialetako hater-ak, kritika espezializatuaren zorroztasun eta pisu gero eta handiagoa, bertsolari batzuek konbentzioei eta politness kulturalari (komunitateari) ihes egiteko erakutsitako grina esplizitua, zenbaiten aldetik masa-kulturaren onarpen-mailara (kultura gutxitu batean halakorik egon daitekeela bai baitakigu, askok kontrakoa uste arren) gerturatu ahal izan diren mezu eta diskurtsoak detektatzeko gogoa, e.a.

Ez normalaren erpinera ainguratzen gaituzten adierazleak hor diraute, ordea: txapelketako saioen banaketa geografikoan egindako apustua, euskal instituzio eta hedabideek hizkuntza-arrazoi bistakoengatik eman dioten garrantzia; txapelketan aurrera egin ahala saioek, jende kopurua igotzeaz bat, beti hartzen duten komunio eta liturgia kutsua, "zer garen" erakustekoa (aukeratu egun bat, txapelketa urteko abenduan, Durangoko Azokaren eta BECeko finalaren arteko egunetan baino euskaldunago sentitzen zarena), sare sozialetako hainbat iritziren eta hainbat kritika espezializaturen aurreko komunitate-defentsa lotsagarri samarra.

Beraz, horra hipotesia: bektorean gero eta eskuinerago goaz. Gero eta normalagoak gara.

Baina hipotesi hori gezurra da. Hemen esandako guztiak ez du ezertarako balio, total, txapelketa anomalia bat baita, eta anomaliaren erpina baita BEC. Bektorea kurbatua da, ez zuzena. Gaizki goaz ez badugu gogoratzen (harrokeria eta lotsarik gabe, hala delako eta listo) bertsolaritza, espresio-bide bezala eta gizartean duen artikulazioa kontuan hartuta, bakana dela (oh!), eta bakanago egiten duela hizkuntza bakar batekin (gure kasuan, badakizue, euskararekin) siames lotura izateak. Eta hizkuntza bakar hori gutxitua bada, ezinezkoa da "ez normal" erpineko faktore soziolinguistikoak ahaztu eta bektorearen alde "normaleraino", besterik gabe, lerratzea.

Erremediorik gabeko distantziakidetasunera garamatza horrek. Eta batzuetan min ematen digu. Posible da liturgia-kutsurik gabeko txapelketako saiorik? Ez. Txapelketako saioak euskal komunitatearen hezurmamitze eta festa hutsa dira? Gaur egun ez, eta ez dira inoiz izan (bertsozale kritikoak onberatasun gutxi izan du tradizionalki, beste gauza bat da tabernan jardun duela batik bat). Posible da txapelketako saio bat zer garen ahaztuta ikustea? Oraindik ez (egongo dira aitzindariren batzuk igual, salbuespen ondradu paperean), eta ez dut esango inoiz ez denik izango: profetei utziko diet lan hori.

Beraz, norberak koka dezala bere posizioa bektorean, baina ibili zuhur: kurbatik jausten denak min hartzen du. Nik, aitor dut, e(u)skizofreniko ibili naiz, marra okerraren gainean atzera eta aurrera, aurtengo irailetik abendura: sormenaren kritika estetiko hutsak dakarren gozamenean batzuetan, eta gutxituaren poz arraro horretan kulunkan besteetan.