Amurrion izango da Txapelketa Nagusia igandean
Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina oholtzaratuko dira Amurrion igande honetan. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren itzuliari ekingo diote bertan. Amurrioko Bañueta kiroldegian izango da saioa 17:00etatik aurrera eta ateak 15:30ean zabalduko dira. Sarrerak aurrez amaitu ezean, egunean bertan leihatila zabalduko da 15:00etan. Gainera, igandeko 12:00ak arte sarrerak eskuragai izango dira internetez ere, www.bertsosarrerak.eus atarian.
Eginbeharreko ariketak ere aldatu egingo zaizkie bertsolariei lehen itzulitik bigarrenera. Aintzane Irazusta gai-jartzailearen gidaritzapean, hauek izango dira parte-hartzaileek egin beharko dituzten lanak.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Amurrioko Udalari eta Aiaraldeko bertso eskolari saioa prestatzeko orduan emandako laguntzagatik.
Azken saioen moduan, Bertsoa.eus atariak eta ETB4k zuzenean eskainiko dute saioa, eta beste hainbat hedabidetan ere jarraitu ahal izango da.
Bertso Udalekuen 20. urteurrena ospatuz
Urteurren biribila dute aurten Bertso Udalekuek eta egitasmoan hezitzaile -begirale, zuzendari zein sukaldari- gisa parte hartu duten lagunak mahaiaren bueltan bilduko dira saioaren aurretik elkarrekin bazkaltzeko, Amurrion bertan.