Amaitu dira Donibane Lohizuneko sarrerak ere
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak bigarren itzulian daude. Igandean izango da hurrengo hitzordua, 17:00etatik aurrera, Donibane Lohizuneko Jai Alaiean, eta sarrerak amaitu dira. Honenbestez, ez da saio honetan leihatilik irekiko.
Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio ariko dira bihar oholtza gainean kantuan, Fernando Anbustegiren gidaritzapean. Saio hau eta beste bat baino ez dira geratzen finalaurrekoak amaitzeko, eta horietan gertatzen denaren arabera zehaztuko da abenduaren 17an Barakaldon, finalean, izango den bertsolarien zerrenda.
Finalaurrekoa zuzenean jarraitu ahal izango da Aitzol Barandiaranek gidatuta eta Uxue Alberdiren iruzkinek lagunduta ETB4n zein Bertsoa.eus atarian, 16:55etik aurrera.
Donibane Lohizuneko eta Iruñeko finalaurrekoetarako sarrerak zein Barakaldoko finalekoak amaituta, ez da Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrera gehiago geratzen. Finaleko bazkarirako eta autobuserako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuragai daude oraindik.