Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Alaia Martin zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara

2017/09/23
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen final laurdena jokatu da gaur Baigorrin.

Irunen jokatuko den finalaurrekoan abestuko du Alaia Martinek, gaur, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen final laurdenean, 712 puntu eskuratu eta gero. 600 lagun baino gehiago bildu dira gaur Baigorriko ezker paretan Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen saioa jarraitzeko. Joana Itzainak gidatu du saioa: "Baigorrik eskuzabal hartu gaitu gaur, eta eskertu nahi ditugu Baigorriko Herriko Etxea eta Basaizea eta Etxauzia kultur elkarteak". Segidan hark aurkeztu ditu gaur kantuan zen seikotea: Mikel Artola, Aimar Karrika, Beñat Ugartetxea, Alaia Martin, Xabi Maia eta Ander Lizarralde.

Zortziko handian, txikian eta hamarreko txikian aritu dira binaka, eta puntua emanda banaka, kartzelako ariketara joan aurretik. "Komisandegitik deitu dizute agertu dela erranez" gaiari erantzun diote bertsolariek hiruna ahapalditan: Mikel Artolak eta  Beñat Ugartetxeak mugikorra eta ezkontza eraztuna berreskuratu dute hurrenez hurren; Aimar Karrika, Alaia Martin eta Xabi Maia seme-alaba komisaldegian agertu zaien gurasoak izan dira; eta Ander Lizarraldek laguna hilik agertu zaionaren larrutik aritu da bertsotan.

Lan guztiak eginda, Alaia Martinek lortu ditu puntu gehien; 712 hain zuzen. Haren ondotik, Aimar Karrikak 651,5 puntu lortu ditu; Beñat Ugartetxeak 631,5; Ander Lizarraldek 627; Mikel Artolak 620; eta Xabi Maiak 598,5 eskuratu ditu. Lehen saio honetan Aitor Jimenez, Eneko Bidegain, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Abril, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren eta Maite Sukia aritu dira epaile lanetan; Joxe Mari Altuna eta Ane Errazkin, berriz, idazkari.

Azaroaren 1ean Irunen jokatuko den finalaurreko saioak honenbestez jada hiru bertsolari ditu zehaztuta: Alaia Martin aurrez zehaztuta zeuden Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio bertsolariekin ariko baita kantuan. Puntuazioaren arabera sailkatuko dira saio horretako gainerako bertsokideak.

Baigorriko saioarekin abiatu da, beraz, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia: Alaia Martinek berak agurrean aipatu bezala, "belarra moztu berria dago, bidea jarrai dezagun". Hain zuzen, datorren larunbatean izango da hurrengo saioa Seguran eta Leitzakoak jarraituko dio igandean.

Jarraitu txapelketa Bertsoa.eus eta Hitzetik Hortzeran

Finalaurreko saioak zuzenean eskainiko dira www.bertsoa.eus atarian; gainera, hautaketa ere eskainiko da bihar. Bestalde, Hitzetik Hortzerak denboraldi berriari ekingo dio bihar ETB1en, 15:00etatik aurrera, Baigorriko saioko bertsoaldiekin.

Alaia Martinek azaroaren 1ean egingo du bertsotan Irunen. / Alberto Elosegi - XDZ