Aitor Sarriegik irabazi du Iruñeko saioa
Elurra ez da oztopo izan gaur Iruñeko Anaitasuna kiroldegian 2.690 lagun batzeko. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa izaki, jende ugari erakarri du saioak eta bertatik bertara jarraitu ezin izan duenak izan du zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera Bertsoa.eus atariaren zein ETB4 katearen bidez, baita beste hainbat hedabide laguntzaileren jarraipenari esker ere.
Zozketak erabakitako hurrenkeran, Miren Amuriza, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Alaia Martin eta Unai Agirre aritu dira gaur bertsotan, Alaitz Rekondo gai-jartzaileak gidatuta. Zortziko handian eta txikian, puntutan, eta hamarreko txikian aritu dira, kartzelako lanari heldu aurretik: "Ezkutatu egin zara, ikusi ez zaitzaten".
Lan puntuagarriak amaituta, gaurko saioaren sailkapena jakinarazi du Rekondok: Aitor Sarriegik lortu ditu puntu gehien Iruñean, 698,5 puntu; gero, haren atzetikm honela geratu da sailkapena: Aitor Mendiluze, 696,5 punturekin; Unai Agirrek lortu ditu 696; Miren Amurizak 652; Alaia Martinek 649,5 lortu ditu; eta Oihana Iguaranek, 646. Joseba Santxo, Mirari Azula, Eneko Bidegain, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren eta Nerea Bruño izan dira epaimahaian, eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Nerea Goñi.
Finalaurrekoak amaituta, zehaztuta geratu dira abenduaren 17an Barakaldoko BECen Amets Arzallusekin batera kantuan ariko den zazpikotea: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre.
Bertsozale Elkarteak Iruñeko Udala, Euskarabidea eta Iruñerriko bertso eskola eskertu nahi izan ditu saioa antolatzen emandako laguntzagatik. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroa zikloaren baitan ez ezik, Euskarabideak eta Iruñeko Udalak Euskararen Egunerako prestatu duten egitarauaren barruan dago Iruñeko finalaurrekoa. Egun horren inguruan hainbat ekitaldi prestatu dituzte bi erakundeok eta, besteak beste, saioaren ostean Esne Beltza eta Trikidantz taldeen kontzertua izango da, Iruñeko Antoniutti parkean 23:00etatik aurrera.
Bertsoaldi onenak, Hitzetik Hortzeran
Bihar 15:00etatik aurrera, gaurko bertsoen hautaketa izango da gozagai ETB1eko Hitzetik Hortzera saioan eta Bertsoa.eus atarian. Gainera, astelehenean, Aulki-Jokoa saioan Edurne Azkaratek Andoni Egañarekin hitz egingo du gaurko saioari buruz.