Abiatzeko prest
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren horma-irudi handiak hartua zuen Amasa-Villabonako Subijana etxearen ataria gaur arratsalderako. Pixkanaka hurbildu zaizkio txapelketako parte hartzaileak eta zaleak. Oinkari dantza taldeak, Paxkal Irigoienek txapelketarako prestatutako doinuarekin zabaldu du aurkezpen ekitaldia. Koreografia ederra osatu du Amasa-Villabonako dantza taldeak. Aritz Zerain, Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak hartu du hitza, ostera: Bertsozale Elkartearen urteko jarduera babesten duten erakundeei esker ona adierazi die, eta baita elkartearen sostengu nagusi diren bazkideei ere.
Txapelketan hainbat bertsolarik botatako puntuek talde antolatzaileari aurkezteko bidea egin diote: Xabino San Sebastian eta Beñat Vidal izan dira taldearen bozeramaile. "Borondatezko, soldatapeko eta sortzaileek osatzen dugu taldea. Indar gehiagorekin edo gutxiagorekin baina lurralde osoan ari gara lanean. Horren ispilu da txapelketa", azaldu dute. Sebastian Lizasok ere bertsoaldia eskaini die bertaratutakoei horretarako Subijana etxeko balkoia baliatuz.
Lehen parte hartzaileek hartu dute horma-irudiaren aurreko erdigunea. Hilabeteak daramatzate lanean bai epaileek eta baita gai jartzaileek ere eta beren eginkizuna eta taldea aurkeztu dituzte jendaurrean Nerea Bruño epaileak eta Iker Iriarte gai jartzaileak. Zer litzateke baina aurkezpena bertsorik gabe... zuzeneko bertsoen bigarren dosia erantsi diote Haritz Mujikak eta Unai Mendizabalek, Tomas Lizardi gitarjolearekin batera. "Zaletu sufritu"aren gogoetak eskaini dizkigute: petoa daramaten boluntarioak, guraso zaletuak dituzten haurrak, audio teknikaria...guztien gorputzean jarri dira Mendizabal eta Mujika.
Ekitaldiari amaiera emateko, oholtzako protagonista nagusiak agertu dira. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak hitz batzuk eskaini dizkie bertsolariei: "Egin itzazue ahalik eta ekarpen interesgarrienak, baina batez ere gozatu; hala gozatuko dugulako besteok".
Abiatzeko prest gara. Lehen helmuga, Baigorri. Odei Barrosok 2013ko txapelketako agur batean aipatu eta ekitaldian zehar azpimarratu bezala, "egin dezagun gurea baina izan dadila denona". Txapelketa eta bertso on guztioi!