Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Faseak eta sailkatzea

Hiru sailkapen fasetan banatuko da txapelketa: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala.

Kanporaketak

36 bertsolari izango dira lehian, guztiak herrialdeko txapelketetan sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten hamabiekin osatuko da finalaurrekoetan aritu den taldea.

Finalaurrekoak

24 bertsolari lehiatuko dira fase honetan: 2009ko sei finalista eta kanporaketako saioetatik sailkatu diren 18 bertsolariak.

Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau saio izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian ez dute kantatuko.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da bigarren itzulira; puntu gehien batzen dituzten beste 14 bertsolarirekin osatuko da finalaurrekoen bigarren itzulira pasatzen den taldea.Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.

Finala

Zortzi bertsolari lehiatuko dira: 2009ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatu diren zazpiak. Hiru saiotan banatuko da ekitaldia: goizean zortzi bertsolariak jardungo dira, eta zortzi bertsolariekin emango zaio hasiera arratsaldeko jardunari ere. Azkenean, puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko lehia egingo da: buruz burukoa. Egun osoko jardunean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapeldun.