Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zortzi bertsolari txapelaren bila, igandean BECen

2013/12/13
Azken etapara ailegatuko da igandean Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013. Finalera ailegatu diren zortzi bertsolariek kantatuko dute goizeko 11:00etatik aurrera. 13.500 bertsozalek beteko dute aretoa, saiorako sarrera guztiak salduta daude aspalditik, eta Hitzetik Hortzeran eta Bertsoa.com-en zuzenean segitzeko aukera izango da.

 

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga dira Bizkaia Arenako oholtzara igoko diren zortzi bertsolariak. Aurkezle lanetan, berriz, Saroi Jauregi, Joana Itzaina, Zuriñe Iarritu eta Alaitz Rekondo arituko dira. Zazpi epaile izango ditu finalak: Eneko Bidegain, Karlos Ibarguren, Martin Aramendi, Nerea Bruño, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula eta Josu Telleria.

Honako lana egin beharko dute bertsolariek:

 

Goizean - (15 bertso puntuagarri)

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Arratsaldean - (10 bertso puntuagarri)

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.

Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Buruz burukoa - (10 bertso puntuagarri)

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Kartzelako lana:

Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.

Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Goiz eta arratsaldeko saioa izango da finala. Goizekoa 11:00etan hasiko da eta arratsaldekoa 16:00etan. Goizeko saioa amaituta, guztiz hustuko da Bizkaia Arena. Saioaren inguruan kontutan hartu Bertsozale Elkarteak zabaldu dituen gomendioak.


Autobus zerbitzua

Finalera joateko Euskal Herri osotik autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak. Dagoeneko ezin da horretarako txartelik erosi. Txartela erosia dutenek autobusen geltokiak eta ordutegiak hemen aurkituko dituzte.

Gainerako bertsozaleei garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen die Bertsozale Elkarteak.


Bazkaria

Goizeko saioa amaituta Bizkaia Arena hustuko da guztiz. Bertsozaleek alboko 6. pabilioian bazkalduko dute. 1.200 lagunek hartu dute bertako bazkarirako txartela. Etxetik ekarritakoa bazkalduko dutenek ere mahaiak eta eserlekuak izango dituzte seigarren pabilioian. Taberna egongo da bertan.

 

350 laguneko lantaldea

Bertsozale Elkarteak 350 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean final egunean dena ongi atera dadin. Langileak ongi identifikatuta egongo dira eta entzuleak lagunduko dituzte, saioa hasieran, bitartean eta amaieran. Bertsozale Elkarteko langile eta borondatekoen lantalde prestua da eta momentu oro haien argibideak segitzea eskatzen du antolakuntzak.

 

Mintzolaren terraza zientifikoa

Azken urteotan munduko gainerako herrialdeetako aditu, ikertzaile eta inprobisatzaileekin harremanak estutzeko ahalegin berezia egiten ari da Mintzola Fundazioa. Lotura horiek indartzeko asmoz,  finalean Terraza Zientifikoa antolatu du eta atzerriko ordezkaritza zabala izango da bertan, Euskal Herriko adituekin batera.

 

Finaleko aldizkaria entzule guztientzat

Bertsozale Elkarteak aldizkari berezia argitaratuko du finalerako. Bertsozaleak aulkian aurkituko du 24 orrialdetako argitalpena. Finalari buruz jakin beharrekoak, Bertsozale Elkarteari buruzko informazioa eta bertsolaritzarekin lotutako hainbat proiekturen berri bilduko ditu finaleko aldizkariak.

 

Finala zuzenean Hitzetik Hortzeran eta Bertsoa.com-en

Abenduaren 15eko finalerako sarrera guztiak agortu ziren orain dela hainbat aste. Bertatik bertara finala ikusteko aukera izango ez dutenek zuzenean segitzeko hainbat modu izango dituzte.

ETBk Hitzetik Hortzera saioaren emanaldi berezia egingo du eta oso-osorik eskainiko du finala zuzenan. Aitzol Barandiaran, Josu Goikoetxea eta Ilaski Serrano izango dira emaldiko aurkezleak.

Horrez gain, Txapelketa osoan egin duen bezala, Bertsoa.com interneteko atariak ere zuzenean eskainiko du finala, www.bertsoa.com webgunean.

Euskal Herriko hainbat tokitan finala pantaila handien bitartez segitzeko ekimen bereziak antolatzen ari dira bertsozaleak.