Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zirriborroak komunikatzeaz

2013/12/11
Gorka Azkarate. Bertsolaritza irakaslea

 

Txapelketa zer den galdetzen duen norbaiti zer erantzun... Txapelketa da kiroldegi eta frontoi hotzetan sortzen den giro beroa. Txapelketa da sarrerak lortzeko sukarra. Eta sintonia, eta dozena erdi bertsolari ilaran txalo artean, eta haserako agurrak, eta lan puntuagarriak, eta komunerako joan-etorriak. Txapelketa da puntuen dantza, eta hurrengo faserako sailkatu direnen poza eta sailkatu ez direnen tristuratxoa, bata zein bestea kiroltasunez, neurrian eta elegantziaz azaleratu beharrekoak, noski. Txapelketa da urrunean hautematen den BEC-eko saio jendetsu horren itzala. Saio bat baino gehiago baita, izan, lau urtez behin ospatzen den festa erraldoi hori. Baina horra iristeko geltoki ezberdinak daude lehenago; tartean, finalaurreak. Hori guztia eta gehiago da, labur esanda, txapelketa.

 

Finalaurreetan gauza asko ikusi eta entzun ditugu, hasi Gernika-Lumon eta Maulen buka: gauza onak eta baita oso onak ere. Haatik, bertsoen munduan oso murgildurik gauden entzuleok (maila batean edo bestean oholtza gainera igotzea zer den badakigunok, besteak beste), apetatsuak gara oso, anker xamarrak ere bai tarteka, eta asko eskatzen diegu oholtza gainean euren onena eman asmoz burua estutzen ari diren bertsolariei. Eta zorrotz epaitzen, nola bestela, euren jarduna. Lehen entzunaldian belarrian tilin egingo digun errima berezi, ustekabeko arrazoi edo joskera perfektu hori jaso ezean bertsoaldia gutxiesteko joera hedatuegia dago gugan, tamalez. Are gehiago, zer esanik ez, txapelketako saio batean bagaude. Plazan (ia) edozer barkatzen diegu bertsolariei. Txapelketan (ia) edozergatik gurutziltzatzen ditugu. Aldea nabarmena da…

 

Esan dudan bezala, baina, izan da finalaurreetan nabarmentzeko zertzelada bat baino gehiago, gaur egungo bertsolarien eta entzuleriaren artean eraikitzen diren zubiak zein harri klasez eginak dauden erakusten digutenak. Entzuleari zer bertsoaldi egiten zaion sinesgarri eta ez aspergarri, zerk inarrosten dion barrena, zerk algara eragin edo zerk indiferente edo ezaxola utzi. Potolokerietatik ihes egin eta bertsolari bakoitzak beretik kantatzen duenean zubi hauek errazago eraikitzen ez ote diren…

 

Gernika-Lumoko saioan, esaterako, Jone Uria eta Nerea Elustondo kale-garbitzaileen paperean jarri zituen Bernar Mandalunizek, greba-deialdian gutxieneko zerbitzuetan lan egitea egokitu zaien kale-garbitzaileen paperean, hain zuzen. Agintarien aurkako diskurtsoaren erdian “ipini zara poltronetako / zabor pilari begira // guk errefustzat tratatu arren / berziklagarriak dira” kantatu zuen Elustondok bere bigarren bertsoan. Zaborren afera Gipuzkoan batik bat puri-purian dagoen honetan, eta Elustondo bera Legazpikoa izaki (eztabaida liskar mailara igo den herrietako batekoa), bizi izandako hori bertsotara abileziaz nola ekarri eta publikoarekin nola konektatu erakutsi zuen. Uriaren erantzuna, hurrengo bertsoko lehenengo puntuetan “Bueno Nerea Bizkaia aldean / berdina da dena hemen // guk ez ditugu hoiek bereizten / ta barka zaidazu, ejem!”, berak bizi duen egoeraren adierazgarri, Nerearenarekiko arras ezberdina… Ofizioan gai bat dago, pertsonaia batzuk sortzen dira, baina gero pertsonaia horri bizia eman behar dion hezur-haragizko bertsolariak beretik kantatzen du, bere iragazkitik igaroarazten du pertsonaia hori, eta horrelako egoera kuriosoak sortzen dira. Eta entzuleria bera ere talka horren lekuko bezain konplize bilakatzen da.

 

Izan ere, bertsoa entzulearengana iristeko prozesu konplexu horretan, ekintza komunikatiboa arrakastaz gauzatuko bada bertsolariek aukeratutako bideak sinesgarritasuna izatea ezinbesteko baldintza da. Baita bertsolariarentzat zein entzulearentzat komuna den ezagutza esparru bat existitzea ere. Bertsolaria, joko-zelai komun horri txispak ateratzen saiatzera beharturik dago. Adibide bat: Beñat Gaztelumendik bakarkako lan itzela borobildu zuen Altsasun azken-laurdenetako saioan. Bakarkako lan hori oso txalotua izan zen saioan bertan, eta laudatua bezain goraipatua ondorengo egunetan. Horrela, Murgiako finalaurrean Gaztelumendi bera eta Fredi Paia lankideen paperean jarri zituen patuak, Fredi Beñatengana hurbiltzen den aldiro honek ordenagailuko pantaila bat ixten duelarik. Gai ona, erreala bezain gertukoa, egun osoan ordenagailuaren aurrean lan egiten dutenentzat bederen. Pentsatzekoa zen bezala bertsoaldiak kolore berde xamarra hartu zuen hasiera-hasieratik, eta Gaztelumendik kolpea eman zuen bere bigarren bertsoan, “sarri nabigatzen det / horrelakoetan // horregatik naiz ona / bakarkakoetan” bota zuenean. Berriz ere ofizioko pertsonaia, pertsonaia horri bizia ematen dion bertsolaria, txapelketan lehenago gertaturikoaren erreferentzia freskoak, esanahi bat baino gehiagoko hitz-jokoa… guztia nahasirik lau lerro ziztrinetan. Koktel lehergarria, ordea!

 

Bertsoa sentipen asko eta oso ezberdinak sorrarazteko tresna dela ez dut nik deskubrituko. Barre algara ozenena askatzetik eztarrian korapilo bat sentitzera igaro gaitezke bertso batetik bestera. Igor Elortzak Tolosako saioan egin zuen bakarkako lana ekarri nahi nuke sentipenak aipatzen hasita. “Pasilloko edo korridoreko argia itzalita lokartzeak beldurra ematen dizu” gaia entzunda gauez ilunpean lokartzeak beldurtzen duen haur txikiaren azaletik kantatu zuen Elortzak, maisuki. Errima estuko bertso borobilak, eduki aldetik beteak, eta batez ere oso bisualak. Denbora geratu, eta argazki bat atera balu bezala. Bertsoaldia entzun genuen guztiok irudikatuko genuen egoera, nork bere ñabardurak gehituz, noski: haur txikia, ohean loak hartu ezinda, gela iluna, korridoreko zaratak, mamuak edo mamu usteko itzalak... Nork ez du horrelako pasadizoren bat bizi izan umezaroan, eta ez behin edo birritan gainera? Literaturatik oso gertu dauden bertsoak, entzulearengana inolako itzulingururik gabe iristen diren bertsoak, ekintza komunikatiboa arrakastaz gauzatuz.

 

Adibide gehiago aipatuko nituzke, finalaurreetako saioek askorako eman baitute: Agin Laburuk Oiartzungo saioan kartzelakoan botatako hirugarren bertsoa, errima estuko pieza aparta, txikiteoan jarraitzeko asmoa azaltzen duen aitona osasunez ahul xamarrarena (“txikiteoko mosketeruok / altxa ditzagun ezpatak”…), Unai Agirreren Murgiako bakarkako lan borobila, “dena prest daukazu eta gonbidatuak (pluralean) falta dira” gaiari kantatuz (deigarria begitandu zitzaidan nola deskribatu zuen unea, egoera, eta baita bertsoak nola bete zituen ere, “sendia ere pixkana doa / handitu eta handitu” bezalako puntuak tartekatuz bertsoen joanean…), Amets Arzallusek Elizondon bakarkako lanean egin zuen erakustaldia (errimak alperrik bota eta bota, potoari begietara aurrez aurre begiratuz uneoro)… eta beste asko ere bai.

 

Finalaurreak pasa dira, baina txapelketa ez da oraindik amaitu; azkeneko saioa falta da, saio nagusia. Bestelako parametro ugari sartzen diren arren jokoan azkeneko asalto horretan, izan dadila bertsoa benetako protagonista, eta gauzatu dadila etengabe, beste ezeren gainetik, bertsolaria eta entzulea elkartzen dituen ekintza komunikatiboa. Hori baita, azken finean, bertsolaritzaren esentzia eta benetako magia.

 

Gorka Azkarate