Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Igor Elortzarentzat izan da Tolosako bigarren finalaurrekoa

2013/11/10
Igor Elortza nagusitu da Tolosan jokatu den finalaurrekoan. Donostian kantatuko du bigarren itzulian. Haren atzetik "Mantxi", Unai Iturriaga, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirre sailkatu dira. 1.732 bertsozalek lepo bete dute Usabal kiroldegia.

Igor Elortzak irabazi du Tolosan jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoan. Puntuazioa horrela gelditu da:

 

Igor Elortza 722
Iñigo Mantzizidor "Mantxi" 667,5
Unai Iturriaga 649
Etxahun Lekue 649
Jexux Mari Irazu 638,5
Amaia Agirre 638


Gaur lortu duen lehen postuari esker, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetako bigarren itzulirako. Azaroaren 24 Donostiako finalaurrekoan kantatuko du.

Aldez aurretik sarrera guztiak salduta zirela, 1.732 bertsozalek bete dute Tolosako Usabal kiroldegian. Bertsozale Elkarteak eskerrak adierazi die Tolosako  udalari eta Harituz Bertsozaleen Bilguneari saioa antolatzeko eman duten laguntzagatik.

Hurrengo asteburuan lehenengo itzuliko azken bi finalaurrekoak jokatuko dira Oiartzun eta Murgian. Horien ostean jakingo da zeintzuk diren bigarren itzulirako sailkatuko diren bertsolariak, lehen itzuliko finalaurrekoetako irabazleak eta gainerako hamalau puntuazio onenak.

Oiartzungo saiorako salgai zeuden sarrera guztiak amaitu dira. Segurtasun arrazoiengatik ezin da eserleku gehiago jarri Elorsoro kiroldegian. Hala ere, oraindik sarrera batzuk salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean prezio berezian saioa zutik ikusi nahi duenarentzat.