Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Txapelketako azken finalaurrekoa aurkeztu dute Maule-Lextarren

2013/11/22
Maule-Lextarren jokatuko da azaroaren 30ean Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa. Saio horren berririk eman dute Michel Etchebest, Maule-Lextarreko aüzapezak; Joana Itzaina, Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak eta Jon Agirresarobe, Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzaileak Maule-Lextarreko Herriko Etxean egin duten agerraldian.

Saioa 17,30ean hasiko da Ororena ezker paretan eta sei bertsolarik kantatuko dute: Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Jone Uria, Agin Laburu eta Jexux Mari Irazu. Azken finalaurrekoa izanik, saio erabakigarria izango da, horretan erabakiko baita zeintzuk izango diren abenduaren 15eko finalean Maialen Lujanbiorekin batera kantatuko duten beste zazpi bertsolariak.

Joana Itzaina Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak adierazi duenez “Bertsozale Elkartearentzako apustu handia da Maule-Lextarrera lehenengo aldiz Txapelketa Nagusiko saio bat ekartzea. Baina ez da egun bateko ahalegina egitera gatozena. Bertsozale Elkartea eta Mauleko bertsu eskola egiten ari diren lanaren sari gisara ere planteatzen dugu hau. Euskalgintzarentzat eta bertsolaritzarentzat arnasaldi bat eta bultzada bat izan nahi du Maule-Lextarren antolatu dugun ekimen honek”.

Jon Agirresarobe Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzaileak saioa antolatzeko orduan izan den laguntza nabarmendu du. “Bertsozale Elkartea eta bertsu eskolak, udalarekin hitz egin eta prestutasuna ikusi eta gero, ikusi genuen Maulerako azken finalaurrekoa izan zitekeela egokiena. Lankide onak izan dira Maule-Lextarreko Herriko Etxea eta Mauleko bertsu eskola”.

Txapelketa oso jendetsua izaten ari dela gogora ekarri du Agirresarobek eta Maule-Lextarreko sarrera salmenta ere oso martxa onean doala nabarmendu du. Maule-Lextarreko finalaurrekorako sarrerak salgai daude internetez www.bertsosarrerak.eu atarian eta Maule-Lextarren bertan Xiberoko Botza irratiaren egoitzan.

Joana Itzaina, Michel Etchebest, Jon Agirresarobe. Haiekin, Xan Alkhat eta Ramuntxo Christy, bertsu eskolako kideak