Tolosan jokatuko da igandean bigarren finalaurrekoa
Honako sei bertsolariek kantatuko dute Tolosako finalaurrekoan: Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor "Mantxi", Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Inaxio Usarraldek aurkeztuko du saioa.
Orain dela lau urteko finalista izanagatik, Unai Iturriaga zuzenean sailkatuta zegoen finalaurrekoetarako. Gainerako bostek, berriz, kanporaketetan lortu dute txartela. Igor Elortzak Legazpiko saioa irabazi zuen eta Etxahun Lekuek, Oiongoa. Beste hirurek lortutako puntuazioari esker sailkatu dira.
Finalaurrekoetako lehen itzuliko gainerako saioetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Saioa 17:30ean hasiko da eta kiroldegiko ateak ordubete lehenago irekiko dira. Sarrera guztiak saldu direnez, ez da takila zabalduko.
Tolosan irabazten duen bertsolaria finalaurrekoetarako bigarren itzulirako sailkatuko da zuzenean. Hain zuzen, azaroaren 23an Donostian jokatuko den saioan kantatuko du. Gainerako bertsolariek finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioen zain egon beharko dute.