Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Suarekin jolasa: Txapelketaren balioa kulturan

2013/12/03
Jexux Larrañaga Arriola. Antropologian Doktorea

 

Txapelketaren dohaina da gizarteratzen duen lehia, aldi beran, komunitatearen “jolas kulturala” bihurtzen duela.  Jolasak bada, eredu kultural bat erakusten digu eremu estetiko baten baitan. Jolasten duen giza taldeak, bizitzaz eta munduaz interpretazio bat erakusten duen heinean, ikuskera bat, garabide soziala, mundu-era bat… azaleratzen ari da.

Funtsean, txapelketaren borroka konpetitibo hori, kulturaren eremu errepresentazionalean gauzatzen ari da. Alajaina, jolasak duen dohainetako bat, lorratza utzi duen egoera bat errepikatzeko duen joeran datza, birsortzeko duen aukeran. Hara nola, behin jolasa burutu ondoren, izan duen eginkizuna edo funtzioa oroimen kolektibora igaroko da altxor gisara gordetzeko eta aurrerago tradizioak beste behin birsortu ahal izateko. Geroratze prozedura hori izango da jolasaren birsorkuntza bermatuko duena. Kolektiboarentzat bete duen funtzioa birsortzeko aukeran datza. Ildo horretan, jolas kulturala, “zerbaiten” aldeko  garabidea edo “zerbaiten” aldeko errepresentazioa bihurtzen zaigu (Huizinga,1972). Jolas kulturala, jai giroan, poztasunez eta askatasunez, burutzen den jarduera ludikoa bihurtzen da. Komunitatea garatzen doan heinean, jolasak, bere sakonerantz bultza egiten du, jolas egoeraren errepikapena beharrezkoa bihurtu artean komunitatearen ongizatean. Jolas kulturalaren (jolas sinbolikoa) eremu ekoizlea da. Sorkuntza kulturalaren norabidean bultza egiten du.

Behinola, zer da txapelketaren gertaerak jokoan jartzen duena komunitate baten beharrizanetan? Txapelketaren paradoxa da, benetako jokoa izanik ere, bestea beti gainditzea edo beti lehena izatea ez dela benetan garrantzitsuena jolas honetan. Nola uler liteke bestela, azken txapelketan, Andoni Egaña txapeldun ohiak nahiz eta  irabazteko ahalegin betea egin zuen nahiago izatea txapela galtzea? Eta hori benetan hala sentitzea? Alajaina, txapelketa jokoaren azaletik harago,  kulturaren eremu  malguagoan uler litekeen jarrera izan zela berea erakusten du horrek. Kulturaren eremu errepresentazionalean kokatzen gaitu. Hortaz, jarrera hori ulertzeko, talde kulturalaren motibazio antropologikoan datza gakoa. Ikus dezagun.

Txapeldunaren motibazio kulturalak, txapelaren balioa oholtzan irabaztera behartu zuen lehiakidea. Jarrera kultural horren ondorioan, Lujanbiok bereganatu zuen txapelak, Egañaren buruan metatutako baliotik bereganatu zuen, alegia, prenda sinboliko horrek kulturan betetako funtzioaren kontzientzia osoa zuen. Txapelaren gainkarga sinboliko horrek, txapelaren eta txapeldunaren jabego kulturala, egiletza kolektiboaren ardatzean kokatzen ari direla erakusten digu. Txapelketaren sistema sinboliko osoa, interpretazio kulturalaren lurra bihurtzen zaigu. Txapelketaren funtzioa bada, ekosistema kultural zabalagoaren ardatzean enbor eginda aurkitzen dugu.

Bidenabar, egungo txapelaren kontzientzia kolektiboa, “nor izan” kulturalaren eremu errepresentazionala dela erakusten digu. Hortaz, txapelketak kulturan betetzen duen funtzioa,  erritual komunitarioaren  gainkarga sinbolikoan irakurri beharko dugu, hots: txapelketa, kultur ekoizpenaren tresna instrumentala bihurtzen da.

Bestalde, jakinekoa da txapelketaren  arkeologia erritualak izaera agonala duela. Azken buruz burukora iritsi bitartean, “in crescendo” joango den tentsio ibilbidea da. Agon eratzailean jokatzen ari den lehiakideak beraz, bere onena eman lezake joko horretan nahiz eta funtsean jolasean baino ez dela ari jakin badakien. Hori izan da txapeldunaren kontzientzia, hots: txapelak bereganatu duen talde kontzientzia. Hortaz, nor izango da 2013ko txapeldun berria? Zein da egungo prenda sinbolikoaren balioaren neurria? Non dago irabazi/ galtzearen neurri kulturala? Erritualaren amaierak erakusten diguna da, jokoan lortutako emaitza gizabanakoarengandik taldera igarotzen dela. Jokoaren egitura tentsionala amaitu eta gero, jolasaren onura kolektiboa bihurtzen da, jokoa/jolasaren eremu trantsizionala da. Txapeldunak bereganatuko duen prenda sinbolikoak, ohorea eta komunitate aitortza adieraziko dute.

Batetik, txapelaren alderdi ludikoa dago eta bestetik barnebiltzen duen alderdi sakrifiziala. Txapelaren ezaugarri bikoitian, mamizkoena eta jolasgarriena, biak elkarbiltzen dira erritualaren amaieran. Txapelak barnebiltzen duen gainkarga sinbolikoan, metatu duen talde kontzientzia dago. Argi dago honezkero, jokoan irabazitakoa ez dela izango jokoaren emaitza literala bakar bakarrik. Txapelari, balio sinbolikoa gainezartzen zaio eta berau jolas kulturalaren eremu malguagoan ulergarriago zaigu kulturan. Hori da erritual komunitarioaren funtzioa, hizkuntza muinetik birsortzen diharduen zentzu jarioa berreskuratzea, hitzetan bakarrik esan ezinekoa den mundua irudikatu eta geroratzea. Errituala, ekosistema kulturala berrelikatzen baliagarria zaigu, txapelketaren dohain sinbolikoa da.

Alajaina,   txapelketaren dohain sinbolikoa lur bati lotuta sortzen da. Bertsoa, hizkuntza bati darion sorkuntza den neurrian, giza harremana ehundu eta ekoizten betetzen du funtzioa kulturan. Hitzaren norabide hori galdu ezkero, (taupada komunitarioaren norabide baldintza) txapelketak egun duen zentzu sortzailea eta kolektiboa galdu egingo luke. Txapelketa, lehia hutsera murriztuz gero, masa kulturaren balioetara lerraturiko ikuskizun hutsala bihurturik geldituko litzateke. Txapelketa, epe luzeko egitasmo komunitarioan sustraitua izan denez, komunitatearen ekoizpena du amets.

Egungo txapelketa ekosistema kulturalaren sinbolo giltzarria da. Izaera kulturalaren ardatzean enbor eginda dago. Kultur ekoizlearen beregaintasuna aitortu behar zaio. Bere birsorkuntzaren arrazoia, kulturan betetzen duen funtzioarekin lotuta dago. Txapelketaren funtzioa, mundu errepresentazionalaren narratiba kulturala berrelikatzean datza, afektu-fluxu bat birsortu eta jariatzean, sentiera bat geroratzean, eta azken buruan, “zentzu-lur” baten taupada komunitarioa ikusgarriago bihurtzean.

Jolasaren onura bada, lortutako emaitza kolektiboan datza. Eta hori jolasaren kontzientzia baino ez da. Onuraren alderdi pragmatikoak erakusten diguna da praxia kulturalaren garrantzia aritzean datzala. Bertsoak, komunitate ehuna sortzen eta ekoizten betetzen du bere funtzioa kulturan, hizkuntzaren balioa, balio egituratzailea dela komunitate ekoizpenean frogatzen du. Kontzientzia eraikitzaileak, erabakimen gaitasuna norbere esku jartzen du: izan nahi duena eraikitzeko aukera. Eta kontzientzia transzendenteak,  jolas kulturalaren  baldintza lehena ebazten laguntzen digu.

Alajaina, egungo txapelketa, giza harremanaren bereizgarritasun baten balio oihartzunean birsortzen da kultura bideetara. Sua bada oinarria, su horren bueltan dantzari dabilen herriaren baldintza lehena da. Bertsoak hala, su gorria denean bakarrik egiten dio on zapaltzen duen herri baten bizinahiari. Txapelketaren irakurketa antropologikoak erakusten diguna da, egungo txapelketaren balioa, kulturan kokatu beharrekoa dela. Euskal Agoraren bilguneak aldiro birsortzen duen balio kulturalaren froga da.