Oiartzunek hartuko du larunbatean hirugarren finalaurrekoa
Sei bertsolari hauek kantatuko dute Oiartzungo finalaurrekoan: Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso. Unai Elizasuk aurkeztuko du saioa.
2009ko finalean kantatu zuten bi bertsolarik kantatuko dute lehen aldiz Txapelketa Nagusiko edizio honetan: Aitor Sarriegi eta Jon Maia. Gainerako laurek kanporaketetan lortu dute txartela: Agin Laburuk Markina-Xemeigo saioa irabazita, eta beste hirurek lortutako puntuazioari esker.
Finalaurrekoetako lehen itzuliko gainerako saioetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Autobabes plana errebisatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen bulegoak baimena eman du 1.500 lagunentzako aforoa izateko, denak eserita.
Horiek horrela, hainbat egunez etenda egon zen sarrera salmenta berriro martxan jarri zen ostegunean. Azken sarrerak dira salgai jarri direnak, horiek amaituta ez da gehiagorik izango. Entzule guztiak eserita egongo dira Elorsoro kiroldegian, beraz aurretik zutikako sarrera erosi duten pertsonek saioa eserita ikusteko aukera izango dute, erosia duten sarrera baliatuta.
Saioa 17:30ean hasiko da eta kiroldegiko ateak ordubete lehenago irekiko dira.
Oiartzunen irabazten duen bertsolaria finalaurrekoetarako bigarren itzulirako sailkatuko da zuzenean. Hain zuzen, azaroaren 23an Donostian jokatuko den saioan kantatuko du. Gainerako bertsolariek finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioen zain egon beharko dute.