Murgian amaituko da igandean finalaurrekoen lehen itzulia
Sei bertsolari hauek kantatuko dute Murgian: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia. Zuriñe Iarrituk aurkeztuko du saioa.
Igandean orain arte kantatu ez duten bi bertsolari arituko dira lehen aldiz: Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina. Gainerako laurek kanporaketetan lortu dute finalaurrekoetarako txartela: Beñat Gaztelumendik Altsasuko kanporaketa irabazita eta Silveira, Agirre eta Paia lortutako puntuei esker.
Hauxe da bertsolariek egin beharko duten lana:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Saioa 17:30ean hasiko da eta kiroldegiko ateak ordubete lehenago irekiko dira. Saiorako sarrerarik ez da gelditzen, hortaz igandean ez da lehiatila zabalduko.
Murgian irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 30an jokatuko den Mauleko finalaurrekorako. Igandekoa finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa denez, hori amaituta jakingo da zeintzuk pasako diren bigarren itzulira. Lehen itzuliko saioetako irabazleak eta finalaurrekoetako hamalau puntuazio onenak sailkatuko dira bigarren itzulirako. Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren jokatuko dira bigarren itzuliko finalaurrekoak.