Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Miranda de Ebrotik Maulera, euskaltegietako 1.200 ikaslek bertsolaritza ezagutuko dute Txapelketaren bidez

2013/10/31
Txapelketa Nagusiaren harira, ekimen berria abiatu dute elkarlanean euskalduntze mugimenduko hainbat erakunde eta euskaltegik eta Bertsozale Elkarteak. Euskaltegietako ikasleei Txapelketa Nagusiko saioak jarraitzeko heldulekuak eta bertsolaritza hurbiltzea du helburu ekimenak. 30 euskaltegik hartuko dute parte eta 43 saio didaktiko eskainiko dira.

Euskal komunitatean oihartzun handia duen ekimena da Txapelketa Nagusia. Gizartean eta hedabideetan interesa pizten du. Bertsozaleentzat astebururoko plana bihurtzen da. Eta ez hain zaleentzat, saio bat aditzera joateko motibo.

Txapelketa Nagusiaren olatu horren uhinak euskara ikasleengana ere iristea nahi izan du Bertsozale Elkarteak. Euskaran murgiltzeko pausoa ematen ari direnei bertsolaritzaren atea irekitzeko; euskal kulturara erakartzeko; euskarazko jendarte horretan beren aulkia hartzeko.

 

Saioa jarraitzeko heldulekuak, euskaltegian

Finalaurreko saioak jokatuko diren herriak hartu, eta inguruko euskaltegiei Txapelketa Nagusiari buruzko saio didaktikoak egiteko aukera eman zaie. Hala, euskaltegiko ikasleak animatuko dira hurbileko finalaurreko saio hori ikustera joan daitezen.

Entzulearen aulkitik Txapelketako saioa jarraitu ahal izateko, zeri erreparatu, heldulekuak emango dizkie lehenik bertsolari batek, euskaltegian bertan. Aldez aurretik irudikatuko dute gero zuzenean biziko duten saio horren egitura eta errituala, ariketa bakoitzaren berezitasunak zein diren, nor diren bertsolari horiek, bertso bat jarraitu ahal izateko ulermen estrategiak, zein momentutan irten eta sartu daitezkeen aretotik...

Bertsolaritza munduko ahozko inprobisazio kantatuen artean kokatuko dute, eta bertsolaritza barnean Txapelketak duen tradizioa eta gainerako plazen artean betetzen duen lekua landuko dute.

Bertsoan hitz guztiak ulertu gabe ere, bertsoaz eta Txapelketa den festa handi horretaz goza daitekeela sentiaraztea izango da mezu nagusia.


Bertsolariak irakasle

Euskaltegietan saio didaktikook eskainiko dituztenak, herrialde bakoitzean euskalduntze mugimenduaz harremana izan duten bertsolariak dira: Ainhoa Aranburu, Xabi Paya, Beñat Vidal, Ruben Sanchez, Joanes Etxebarria, Amaia Agirre, Ainhoa Agirreazaldegi, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Jokin Labayen.

 

30 euskaltegi, 43 ikastaro eta 1.200 ikasle

Euskal Herriko 5 herrialdetan 43 saio didaktiko egingo dira, 30 euskaltegi eta 1.200 ikaslek parte hartzearekin.

Ekimena urriaren 17an abiatu zen Arabar Errioxako euskaltegian, eta abenduaren lehen aste arte luzatuko da. Txapelketa Nagusiaren egutegiari jarraikiz, finalaurrekoak izango diren inguruko euskaltegietan aurreko egunetan egingo dituzte saio didaktikoak.

Hauexek dira, herrialdeka,  saio didaktikoak sustatu dituzten euskaltegiak:


ARABA

  • Miranda de Ebroko Hizkuntza Eskola Ofiziala
  • Gasteiz: Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Udaberria euskaltegia,  AEK Zadorra euskaltegia, AEK Arana euskaltegia, AEK Aixkiria euskaltegia, IKA euskaltegia
  • Murgiako AEK euskaltegia
  • Arabako Errioxako IKA euskaltegia

 

ZUBEROA

  • Maule: Xiberuko AEK gau eskola

 

NAFARROA

  • Elizondoko Suinki AEK euskaltegia eta IKA
  • Iruñea: Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK Irrintzi euskaltegia, AEK Iruñezar euskaltegia

 

BIZKAIA

  • Gernikako AEK euskaltegia
  • Durangoko Udal euskaltegia
  • Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofiziala
  • Barakaldoko Udala
  • Bilboko Zenbat Gara Elkartearen Gabriel Aresti euskaltegia
  • Portugaleteko AEK euskaltegia

 

GIPUZKOA

  • Oiartzun: Intxixu AEK euskaltegia
  • Pasaia: Antxoko Txirrita AEK euskaltegia, Pasaiako udal euskaltegia.
  • Errenteriako Udal Euskaltegia, Xenpelar AEK euskaltegia
  • Lezo: Oroitzene AEK euskaltegia
  • Irungo AEK euskaltegia
  • Lazkao: Maizpide euskaltegia
  • Ordiziako AEK euskaltegia
  • Donostia: Antiguako AEK euskaltegia, Urrats euskaltegia, Donostiako Hizkuntza Eskola Ofiziala
  • Bergarako udal euskaltegia

 

Ruben Sanchez bertsolaria, Oiongo saio didaktikoan.