Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Maule-Lextarreko finalaurrekoak erabakiko du finalaren osaketa

2013/11/26
Azken txanpan sartua dago Bertsolari Txapelketa Nagusia. Larunbatean azken finalaurrekoa jokatuko da Maule-Lextarren eta saio horren ostean jakingo da zeintzuk izango diren abenduaren 15eko finalean kantatuko duten bertsolariak. Saioa 17:30ean hasiko da Ororena ezker paretan. Sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai. Egunean bertan Ororena pilotalekuko takila arratsaldeko 15:00etan irekiko da.

Finalaurrekoetako bigarren itzulian honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

 

Azken finalaurrekoa izanik, Maule-Lextarreko saioa amaituta finalaurrekoetako puntuaziorik onenak dituzten zazpi bertsolariek abenduaren 15ean kantatuko dute, Maialen Lujanbiorekin batera.