Legazpik hartuko du Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa
Kanporaketa guztietan bezala, Legazpin sei dira oholtzara igoko diren bertsolariak: Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor "Mantxi", Jokin Uranga eta Oihana Bartra.
Beñat Lizaso da horietatik orain arte Txapelketa Nagusian aritu ez den bakarra. Kontrako muturrean dago Igor Elortza, sei parte-hartzerekin eskarmentu handia du Bertsolari Txapelketa Nagusian. Ainhoa Agirreazaldegik eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi"-k hiruna aldiz hartu dute parte; eta Jokin Urangak eta Oihana Bartrak, bina.
Egin beharko duten lana honakoa da:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Guztiz beteko da Legazpiko Urbeltz pilotalekua. Saiorako sarrera guztiak salduta daude jada, asteartean saldu baiziren azkenak. Hortaz, ez da lehiatila irekiko larunbatean. Saioa hasi baino ordubete lehenago, 16:30ean, zabalduko dituzte pilotalekuko ateak.
Legazpikoa Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa da. Oioen jokatuko da seigarrena eta azkena, urriaren 26an, honako sei bertsolariekin: Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza.
Larunbateko saioa irabazten duena azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den finalaurrekorako sailkatuko da zuzenean. Horretan, oraingoz, Unai Iturriaga dago sailkatua. Gainerako bertsolariek, Oiongo saio arte itxoin beharko dute puntuazioaren arabera sailkatuko ote diren jakiteko.