Kanporaketa ala sailkapena?
Bertsolari Txapelketa guztietan gertatzen da. Lehen fase horretan bertsolari batzuk kanpora geratzen dira eta beste batzuk sailkatu egiten dira. Hori da txapelketaren legea. Eta publikoa, epaileak eta kazetariak aurrean diren heinean, bertsoa egiteko eta betetzeko moduak badu garrantzia sailkatua edo kanporatua izateko. Bai horixe! Ez ordea bertsoak egiteko eta betetzeko alderdi teknikoak soilik, haratago joanda, komunikazio ekintzak berak ere bai noski. Zorionekoak biak ondo egiten dituzten bertsolariak.
Aurreko artikulu batean Arkaitz Goikotxeak aniztasunaren hari muturrak izan ditu gogoetagai. Euskadi Irratiko Hitza Jolas bertso irratsaioan, saiatu gara lehen fasean zehar abestu duten bertsolari denei ahotsa ematen. Batzuen iritziak entzun ditugu eta besteen bertsoak. Denek izan dute tartetxo bat. Zer gutxiago ezta? Eta beste zenbait hedabide ere sumatu ditut ahalegin hori egiten. Uste dut kantitatez bezala kalitatez izan dela anitza lehen fase hau. Felix Irazustabarrenak bere kronikan dion bezala “aberatsa”. Eta bertsolari batzuk ez ezik, bertsoak egiteko moduak eta gintzak ere badira sailkatu direnak. Edo kanpoan geratu direnak. Txapelketak ez du asko galdu Iker Zubeldia kanpoan geratu delako soilik, bertsolari eta bertsokera gehiago kanpoan geratu direlako ere bai: Erika Lagoma, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo "Abarkas", Eneko Fernandez, Onintza Enbeita, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia, Oihane Perea, Ainhoa Agirreazaldegi, Oihana Bartra, Eneritz Zabaleta, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza. Zorionak denoi, zuena izan da kanporaketa fasea. Sailkapena suertatu zaizuenoi zer esanik ez!
Puntuak puntu berean. Bitxikeria bat. Fredi Paia izan da hurrengo fasera puntuazioz sailkatu den azken bertsolaria 631,5 punturekin. Iñaki Gurrutxagari Argian irakurri nion orain lau urte Onintza Enbeita izan zela 632,5 ekin. Puntu bat behera egin al dugu? Broma da. Baina zer pentsatua ematen du puntuazioaren langa hain egonkorra izateak ezta?
Fase honetan hartutako apunteak garbira pasata:
Agurrak ere puntuatzen du. Etxetik mimoz, intentzioz, tentsioz, ilusioz edo aldarrikapenez jositako pilula horrek ipurdiak aulkietatik saltaka jartzen ditu. Batzuetan publikoaren lehia grinari jaten ematen diote, nahi ala ez, txapelketak eskatzen duen testuinguru lehiakorrean kokatzen gaitu eta ditu bertsolariak. Ze arrakasta duten “hemen nago ni” edo “bagatoz” dioten hasierako agur horiek:
Iban Urdangarin Hendaian: “zer irabazi asko baitauka zer galdurik ez duenak”.
Iñigo Mantzisidor “Mantxi” Legazpin: “amorratzen bainator serio hasteko”.
Oihane Perea Altsasun: “…guztia kentzera noa”
Potoaren mamua. Hedabideren batek “potoen arratsaldea” deitu zion Hendaiakoari. Potoa izango da bertsogintzako “akats” internazionalena, ezagunena. Injustuena bezain justuena. Bertsolariak askotan kendu nahi izan dio garrantzia potoari plazako saioetan baina txapelketan garesti ordaintzen dira potoak. Poto batek erabaki dezake sailkapena edo kanporaketa den. Harrapatutako batzuk: Zubeldiak “nik eta nik”, Barrosok “Beldurtuko eta beldurtuko”, Zelaiak “ekin eta ekin”, Zubiak “oinarri eta oinarri”, Manex Agirrek “atera eta atera”… eta izan dira gehiago. Alperrik da gero eztabaidan aritzea, “poto egin du baina bertso ederra zen…”. Hori beste kontu bat da. Epai irizpideetan argi jartzen du. Potoa poto da. Sentsazioa dut inoiz baino poto gehiago ez ote diren izan lehen fase honetan. Sentsazio bat da. Eta Zubeldiak bi poto egin ez balitu? Banu balego eta balitz…
Abdula eta Mohamed. Zortziko handiko ariketan, Villabonan, Fredi Paia eta Iker Zubeldia. Uda Euskal Herrian pasatako Saharako bi mutiko. Polita izan zen nola jarri zizikioten izenak batak besteari. “Abdula eta Mohamed”. Bi mutikoak ikusi egin genituen aireportuan eta horrek sinesgarritasuna eman zion ofizioari.
Afizioa sortzen duten ofizioak:
Labururen almondigak eta Uriaren albondigak. Halakoak ere ikusi ditugu lehen fasean. Txapelketan oso genero estimatua izaten da goitik beherako ofizioa. Haize freskoa ekartzen diote txapelketaren larritasunari. Ofizioa biren arteko lana da kasu honetan. Zu eta ni. Biok. Elkarri entzun, erantzun eta bidea egin. Elkarri hartu eta eman.
Markina Xemeinen Jone Uria eta Agin Laburu, bi sukaldari. Jone hamar kilo gizendu da, Agin hamar kilo argaldu. Bertsoaldiaren lehen zatia bete beteko ofizioa izan zen. Uriak, sukalde giroko hitzak errimatzat hartu eta bere gizentasuna justifikatzeko baliatu zuen lehen bertsoa.
“Tomatea, letxuga…
A ze entsalada!
Ta gero indabekin
kriston platerkada!
Hamar kilo hartu ditut
normala da hara:
dena probatu behar
baita badaezbada.”
Laburuk bete-beteko erantzuna eman zion Uriaren justifikazioari. Bertsoaren hasierako “baina” horrek adierazten du aurreko bukaeraren jarraipena dela:
“Baina gero baskulan
hori da trantzea!
Orratza baitaukazu
goraino altxea
Hazi zaizu aurrea
ta hazi atzea…
Lau kilo almondiga
ez da probatzea!”
Afizioa eragin zuen ofizioa Felix Zubiak eta Amaia Agirrek Hendaian egin zutena. “Beti gazte” sindromeak jota oraindik gaztetxean bueltaka dabiltzan bi lagun dira. Amaiak uste du erretiroa hartzeko garaia dela, Felixek ez. Zarauztarrak lehen bertsotik eutsi zion berrogei urteko gazte erromantikoaren paperari:
“...nahiago dut herria
ametsez jostea
Lehen lortuei berriz
gogorki eustea
amets egiten duna
ez al da gaztea?”
Amaia Agirrek hari galdu gabe semealabak sartzen ditu tartean ate bat irekiz:
“...erritmo eta festan
ez degu zer egin
gure koadrilakoen
seme-alabekin”
Zubiak semealaben bideari heldu zion:
“...zurrutean parrandan
badegu nibela
txarangakin saltoka
bertsotan bestela
guregandikan zerbait
ikas dezatela”
Hortik aurrera ia bakarrik atera zen bertsoaldia. Entzun eta erantzun. Bizi bizi eta itxuraz behintzat, erraz:
“...gure kontu edaten da
ikasi dutena”
“...erretiratu zaitez
zure izenian
nik deskantsatuko det
hiltzen naizenian”
“…atera zerbeza ta
pintatu pankarta…
gora gaztetxea ta
gora patriarka”
Hasierako puntu bat bi aldiz erantzun. Agin Rezolak Markina Xemeinen hasierako puntuari emandako erantzuna, bi aldiz erantzutea bezala izan zen.
Ezagutzen al duzu
San Mames Barria?
Bilbotarrentzat degu
ikaragarria
Dirua gobernuak
propio jarria
Ez dakit nun daukagun
batzutan neurria
“Ikaragarria” horrekin gauza asko esaten ditu batera. San Mamesen, Bilboren eta Athletik beraren handitasuna. Eta bertsoa sententzia edo gogoeta batekin amaitzen du. Zer pentsatua ematen duen hari mutur bat airean. Hori da parean jotzea hori!
Asko gustatu zaidan beste erantzun bat da Xabier Silveirak Altsasun emandakoa. Ez aurrekoa bezain bizi, azkar eta indartsu, baina asko transmititzen duena. Iker Iriartek jarri zion hasierako puntua:
Inbidiak baditu
hamaika aurpegi…
Hor Iker ongi zabiltz
esaidazu neri!
Nere inbidiatan
dabiltzan hoieri
soilik esaten diet:
inbiditan segi!
Iratxe Ibarrak ere bikain erantzun zituen puntuak Oionen. Bigarren puntuan bertan ematen zion erantzuna eta amaieran arrazoitu gainera.
Denda txikiak gero
eta larriago
Ba ni txikietara
joaten naiz gehiago
Nahiz ta handiez bete
daben hau zeharo
hemen konponbidea
geure esku dago!
Kartzelako lanek protagonismo berezia hartzen dute txapelketatan. Gehiegi ere bai askotan. Bertsolari askori prestaketa garaian denbora asko kentzen dio ariketa santu honek. Badirudi askotan ofizioen gainetik dagoen fenomenoa ere badela. Berez ez da hala. Hiru bertso besterik ez dira. Ofiziotan bederatzi kantatu behar izaten dira. Baina kartzelakoak bertsolaria bakarrik eta arriskuaren aurrean jartzen du, eta protokoloak berak ere ematen dio izena. Azken ariketa da, oholtza uztea eta berriz etortzea... ordura arte bertsotan egin ez duenaren azken hiru balak dira. Eta alderantziz, bertsotan oso ondo ari denak orain ezin du hutsik egin, eutsi egin behar dio mailari. Tentsioa sortzen duen ariketa da. Denborak ere pisu handia hartzen du hemen. Isiltasun neurri luzera batera ohituak gaude baina gehitxo luzatzen hasten bada alarmak pizten dira. Kartzelako gaia entzun eta lehen bertsoa kantatzen azkarrena Jone Uria izan zen Markina-Xemeinen; 47” behar izan zituen. Bigarren eta hirugarren bertsoak pentsatzeko hartutako tarteak gehituta 1’26” guztira. Abarkasek 56” lehen bertsoa kantatzen hasteko eta guztira 1’06” aritu zen pentsatzen. Bera izan zen azkarrena. Fredi Paia ere azkar hasi zen kantari. Denborarena datu objetiboa da. Pentsatzeko tarte gehiago hartu balute zer pasako zen? Auskalo. Hori ez da objetiboa. Aipatutako hiru hauek, ez zuten lanik onena kartzelakoan egin. Akaso denboraren kudeaketan gehien asmatu duenetakoa Beñat Gaztelumendi izan da. Gai entzun zuenetik kantari hasi zenera 1’57” pasa ziren, eta bigarrena eta hirugarrena bata bestearen atzetik bota zituen. Estrategia zehatza eta ongi neurtua. Bakarkako lan bikaina egin zuen Altsasun. Gaia: “gaia ateratzen duzun bakoitzean gaiz aldatzen du”.
Lehen bertsotik pelikula bat filmatzen hasten da Gaztelumendi. Egoeraren deskribapena; xehetasunak eta konkrezioa. Harremana etetear dagoen bikote bat marrazten digu. Bera da protagonista bat. Zuzenean kontatzen digu dena, oraintxe ari da gertatzen. Horrek indarra ematen dio filmari. Datu eta informazio mordo bat eskaintzen dizkigu lehen bertsoan. Mahai gaineko entsaladatik begi itzalietara. Egoera monotono triste bat deskribatzen du eta azken aurreko puntuan gaiarekin bat egiten du “halaxe du gaiz aldatu” horrekin.
Mahaiko ensalada degu
ordu erdiz ahoratu
egunean zehar pasa
zaigun dena gogoratu
lagunen mila istori
ta laneko mila datu
bi urteko harremanak
hori izaten baitu tratu.
Bere begi itzalitan
begiak ditut iltzatu
ta hala galdetu diot:
’Zer pasatzen da? Kontatu…’.
Ezer pasa ez balitz gisa
halaxe du gaiz aldatu
baina zergatik ezin dit
begitara begiratu?
Galdera batekin amaitu du lehen bertsoa eta bigarrenean galderak eginez jarraitzen du. Bere baitako pentsamentuak bikoteari zuzenean egindako galderekin nahasten ditu “zer duzu?” kantatzen duenean. Eta amaieran biak egiten ditu; galdetu eta erantzun.
Ezagutu ginenean
zenbat mimo? zenbat kasu?
Goizero jeikitzen ginen
elkarrekin irrifartsu
egunak enpalagoso:
’Maite zaitut, maite nauzu’.
Baina urruntzen hasiak
ote gera pausuz pausu?
Gaur dena azaleko gai
ta elkarrizketa antzu
bai badakit ze o zerek
egin dizu enbarazu.
’Zer duzu?’, galdetu eta
mutu geratu zera zu
ez didazu ezer esan
ta dena esan didazu.
Xehetasun, detaile txiki eta konkrezioz betetako bertsoak dira. Ikusi egiten dugu bikotea mahai horren inguruan hizketan entsalada ordu erdiz ahoratu eta gero. Dena esaten duen isiltasun luze horren ondoren elkarrizketak aurrera darrai “ez nago ondo” erantzun dio bikoteak. Eta hortik aurrera elkarrizketak berak amaitzen du bertsoaldia, bakoitzak barruan duena besteari esanez. Aldi berean publikoari ere barruan zutena agertuz.
Begi parea malkotan
dauka puztuta betea
ta kolpera lehertu zaio
esan ezinen nekea.
Masailan behera doazen
malko latzen atakea.
’Ez nago ondo’, esan dit
ta baretu aldartea.
’Zalantzak dauzkat, laztana;
ze nahi dezu esatea?’
Nik hala erantzun diot:
’Zabalik dago atea
behar den denbora dena
lasai hartzazu maitea;
zor didazun bakarra da
zoriontsu izatea.
Nahiko ilun hasitako bertsoaldia argitzen joan da mezu positibo batekin amaitu arte. Zoriontasuna. Hasieran irtenbiderik ez zuenak ate ireki bat aurkitzen du amaieran.
Doinu berriak airez aire. Handia da doinu berri bat bertsoaldi bikain batekin estreinatzea. Odei Barrosok Villabonan erakutsi zigun Laboaren abesti batean inspiratutako bere doinu berria. Lehendik ere erabilia bazuen ere berria da txapelketan. Unai Agirrek Altsasun kartzelako lan txukuna egin zuen Imanol Kamiok sortutako doinuarekin. Biek ala biek hurrengo fasean izango dute beren doinuak gogoangarri egiteko aukera paregabea.
Doinu zahar berriak. Doinu zaharrak berri izan dira beste behin lehen fase honetan. Benetako haize freskoa ekarri zigun Etxahun Lekuek eta Miren Amurizak Oionen erabilitako zortziko txikiko doinuak. Doinu ezberdin bat. Norbaitek lehioa zabaldu eta freskura datorkizunean bezala. Dena den, hau txapelketa da, eta ahal duenak ahal duena egin dezala.
Errealitatea eta fikzioa nahasteko aukera. Kartzelako lanetan bertsolariak diskurtso bat garatu behar izaten du askotan, eta zenbateraino da benetakoa? Zenbateraino fikzioa? Amaia Agirrek Villabonan biak nahastu zituen. Dena ez zen egia edo dena ez zen gezurra. Benetako istorioetan oinarritutako filmak ere errazago ez al dira iristen bihotzera? Villabonan iritsi zen eta Jone Miren Hernandezek ere aipatzen du momentu hori bere artikuluan.
Xabier Silveirak ere Altsasun Erika Lagomarekin egindako bertsoaldian, bere errealitate puska bat erantsi zion fikziozko egoera bati. Silveirak bere ezkontzako bideoa egiteko eskatu zion Lagomari eta bideoan agertu ere ez zen egiten.
Hautsi ditut hainbeste
lege eta arau
joan ez naizen lekuak
ere mila ta lau
Jendeak esango du
inoiz bistan banau:
bere ezkontzara ere
ez zen azaldu hau!
Bertso honekin Silveirak bere persona eta pertsonajea nahasten ditu oso modu arrakastatsuan gainera. Publikoak segituan ulertu zuen umore klabe hori.
Oionen amaitu zen lehen fasea eta Manex Agirrerena izan zen azken agurra. Tamalez Aramaioarrarentzat kanporaketa fasea suertatu zen azkenean. Ardoaren erresuman botatako agur eder hau utzi zuen gure gogoetan:
...Bizitza horrela ospatzen da ta edan dezagun ardoa
Errioxar Baigorriko Bakio nahiz Getariko
Topa dagigun eta bakean bizi gaitezen betiko!
Ea hurrengo fasean ze ardo probatzen ditugun. Urteko ardoek gaina hartuko ote diote kriantza edo erreserbakoei? Uzta ona udazkenekoa.
Xabier Sukia