Igor Elortzak irabazi du azkenaurreko kanporaketa eta finalaurrekoetarako txartela lortu du
Igor Elortzak irabazi du Legazpiko kanporaketa. Honako puntuazioa lortu dute bertsolariek:
Igor Elortza 679
Beñat Lizaso 643
Jokin Uranga 637
Iñigo Mantzizidor "Mantxi" 632,5
Ainhoa Agirreazaldegi 600,5
Oihana Bartra 587
Gaur lortu duen lehen postuari esker, durangarra zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den finalaurrekoan arituko da, Unai Iturriaga eta oraindik erabakitzeke dauden beste lau bertsolarirekin.
Aldez aurretik sarrera guztiak salduta zirela, 700 bertsozalek bete dute Legazpiko Urbeltz pilotalekua. Antolatzaileek bereziki eskertu nahi izan dute Legazpiko udalak eta herriko Bertso Olariak bertso eskolak saioa antolatzeko emandako laguntza.
Oionen jokatuko da Txapelketa Nagusiko seigarren eta azken kanporaketa, urriaren 26an. 17:30ean hasiko den saioan Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza arituko dira. Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian daude salgai.