Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Jon Martinek irabazi du Amasa-Villabonako kanporaketa eta finalaurrekoetara sailkatu

2013/09/29
Jon Martin nagusitu da Amasa-Villabonan jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo kanporaketan. Haren atzetik, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Odei Barroso, Fredi Paia eta Iker Zubeldia sailkatu dira. Markina-Xemeinen jokatuko da larunbatean Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa.

Jon Martin 654
Alaia Martin 653
Nerea Elustondo 639,5
Odei Barroso 632
Fredi Paia 631,5
Iker Zubeldia 607,5

(Ariketaz ariketako puntuazio osoa hemen duzue)

Gaur lortu duen lehen postuari esker, Jon Martin zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekoan arituko da oiartzuarra, Amets Arzallus eta oraindik erabakitzeke dauden beste lau bertsolarirekin.

Aldez aurretik sarrera guztiak salduta zirela, 970 bertsozalek bete dute Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegia. Antolatzaileek bereziki eskertu nahi izan dute Amasa-Villabonako udalak eta herriak bertsolaritzari ematen dioten babesa, baita Harituz Bertsozaleen Bilguneak saioa antolatzeko emandako laguntza ere.

Markina-Xemeinen jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa. Saioa hurrengo larunbatean, hilaren 5ean, izango da, 17:30ean, udal pilotalekuan. Sei bertsolari arituko dira: Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita.

Markina-Xemeingo kanporaketako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean. Egun horretan, gainera, Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna ospatuko da Markina-Xemeinen bertan.