Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Igelaren Bandak egin du Txapelketa Nagusiaren sintonia

2013/09/27
Bertsolari Txapelketa Nagusia hastearekin batera, doinu berria ezagutuko dute bertsozaleek. Txapelketaren berri emateko eta saioak girotzeko asmoz sintonia egin du Igelaren Banda taldeak. Jazz kutsuko herri-musika eta doinu garaikideak uztartzen dituen sintonia bizia da.

Bixente Martinez, Amaiur Cajaraville eta Hasier Oleaga musikariek osatzen dute Igelaren Banda taldea. Hirurak eskarmentu handiko musikariak dira, azken urteotan hainbat proiektutan parte hartu dutenak.

Igelaren Banda 2000. urtea sortu zen eta etenaldi baten ostean iaz argitaratu zuen bere bigarren diskoa, "Preguntatxo bat". Jazz kutsuko musika instrumentala egiten du taldeak, eta bertsolaritzarekin harreman estua izan dute hiru musikariek. Horren ondorioz, hainbat bertso doinuren bertsio garaikideak eskaintzen dituzte haien kontzertuetan.

Hona BertsolarI Txapelketa Nagusirako sortu duten sintonia:

 

Igelaren Banda sintonia jotzen Txapelketaren aurkezpen festan.