Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Hitzaren jolasa, zeren eraikuntza?

2013/12/09
Olatz Mitxelena. Komunikazioan lizentziatua

 

Gorputzetik ahotsera, burutik ahotsera. Gorputzekoa hots bihurtuz, burukoa hots bihurtuz. Egituratu, neurtu, errimak hautatu, eztarria leundu, aurrera begiratu eta plazaratu. Edukia, iritzia, jolasa, umorea; eta eraikuntza? Ba al du bertsolaritzak eraikitzaile ezaugarririk? Hala balitz, zer eraikitzen du?

Batzuetan izan ohi ditugu buruan aurrera eta atzera dabilzkigun susmoak. Nire susmoa, idazgai hau piztu duen txinparta, bertsoen eta identitate sorkuntzaren inguruan dabil jira bueltaka. Bertsoek eta bertsolariek euskal identitate abertzalearen sorkuntzan zer egin edo esatekorik duten ala ez  jakin-minean, hain zuzen.

Kanporaketetako eta finalaurrekoetako agurrak, gaiak, gaiaren arabera sortutako bertsoaldiak – aipamen berezia behar dute kartzelako lanek – eta agurrak izan ditut jakin-mina asetzeko jomuga. Hauek dira 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko 6  kanporaketak eta 7 finalaurrekoak ikertuz  lortutako emaitzak, hurrenez hurren:

 

 

EUSKAL HERRIKO EGOERA POLITIKOARI DAGOZKIONAK

Aberriari, herriari, Euskal Herriko gatazkari, atxiloketa politikoei, Euskal Herriari ezarritako inposizioei, alderdien arteko borroka ideologikoei, poliziei, agintariei egiten zaizkien kritikei…

GAI PROPOSAMENAK

488

11

BERTSOALDIAK

(kartzelako lanik gabe)

475

28

KARTZELAKO LANAK

78

9

AGURRAK

156

43

 

Gaien nondik norakoa

6 kanporaketa eta 7 finalaurrekoetan denera 488 gai plazaratu ditu gai-jartzaile taldeak. Gai horietatik 11 izan dira Euskal Herriaren egoera politikoarekin zer ikusia dutenak. Hemen horietako batzuk: “Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioa dela eta, bukaera ekitaldiko oholtza muntatzen ari zarete” (Azaroak 30, Maule-Lextarre), “Wertek aldatu nahi du hezkuntza sistema”, “Gure haurren geroa daukagu jokoan”, “Politikariengan sinetsi ezkero” (Urriak 13, Altsasu) eta “Herri-harresian zaudete elkarri besotik helduta. Gaua iritsi da, eta poliziaren sirena-hotsak gero eta ozenago entzuten dituzue” (Urriak 19, Legazpi).


Bertsoaldietan ere gutxi

Gaiek bideratutako bertsoaldietan gaietan baino aipamen gehiago egin bada ere, 475 bertsoaldietatik[1] 28 dira (kartzelako lanik gabe) Euskal Herriko egoera politikoa aipagai izan dutenak. Bereziki aipatzekoa iruditzen zait kartzelako gaietan – hain irekiak izanik – bertsolariek egindako hautua. Denera 78 kartzelako lan entzun ditugu, eta horietatik 9  bertso sortatan izan dute bertsolariek Euskal Herriko egoera politikoa mintzagai.


Gairik gabe, puntuaziorik gabe

Agurretan, ahapaldi batean bada ere, bertsolari askok aipatu du Euskal Herriko egoera politikoa.  Denera 156 agur kantatu dituzte eta horietatik 43 bertsotan agertzen dira Herriraren aurkako polizia operazioa eta Bilboko manifestazioa, Parot doktrinaren indargabetzea, Wert legearen gorabeherak, Yolanda Barcinari tarta jaurtitzea, Sevillako gose greba… besteak beste.


Aipamen urriaren susmoa

Aurtengo kanporaketa eta finalaurrekoetan Euskal Herriko egoera politikoari, eta euskal identitate abertzalearen eraikuntzari erreferentzia gutxi egin diote bertsolariek euren bertsoetan. Nire ustez, gai-jartzaile taldea eta taldearen mundu ikuskera, bertsolariaren beraren hautua eta testuingurua edo bizi dugun errealitatea dira aldaketaren hauspoa.

Gaietan berauetan ez da ia-ia aipamenik egin Euskal Herriko egoera politikoaren inguruan, eta gai sozialak, egunerokotasunean bizi ditugun kezketatik sortutakoak, gailendu dira beste edozeren gainetik. Gaietan ere ikusi dugu kontzeptuen adieren aldaketa; esaterako, preso kontzeptua erabili izan den bertsoaldietan preso politiko adiera ulertarazi da 2001, 2005 eta 2009ko finaletan kantatutako bertsoetan. Aurten, ordea, gai konkretu batean preso sozialei buruz jardun dute: “Ziega berean dauden bi preso sozial dira Jokin eta Amets. Jokinek ez du bisitarik jaso kartzelan denetik. Ametsek berriz astero jasotzen du bisitaren bat. Gaur ere badator bisitatik bueltan” (Azaroak 23, Elizondo).

Bestalde, kartzelako gaiak oso irekiak izan ditugu finala arteko saioetan, eta bertsolari gutxik jo du herri honetako egoera politikoaren haritik. Nik uste dut garrantzitsua dela bertsolariek gai berriak aukeratu nahi izatea, ikuspuntu berriak jorratzea, talaia altuenera igo eta munduaren bazter guztiak ikusteko eta kantatzeko aukera onartzea, eta areago kantu gaiei freskotasuna ematea.

Bertsolariek darabiltzaten kontzeptuen artean Agintariei kritika deitu diodanari egin nahi diot aipamena. Kritika hori ez da herri euskaldun sufrituaren abiapuntuan kokatzen. Aitzitik, gaiek bideratutako bertsoaldietan agintariak egun norbanakoak bizi duen egoera sozialaren erantzule direla kritikatu da. Agintari horiek dira krisiaren erantzule, lan eskasiaren sortzaile, eta dagoeneko ez dira gehiegi agertzen Euskal Herriak herri abertzale gisara bizi duen minaren eta sufrimenduaren arduradun bezala.

Giza aldagai horien guztien oinarrian dugu testuingurua, bizi dugun errealitate eta egoera. ETAren armen uzteak, presoak askatzeak, lanari eutsi edo langabezian geratzeak, hipoteka ezin ordaintzeak,  genero indarkeriaren trataerak, populuaren zahartzeak…  aldatu egin dituzte herritarren bizimodua eta kezkak. Azken finean, aberria esnaeran dugun hamabosgarren kezka da, nahiz eta orain artean Bertsolari Txapelketa Nagusietako finaletan buruan dugun lehena hori dela iruditu.

Lortutako emaitzekin, eta batez ere agurretan ikusitakoarekin, iruditzen zait bertsolariek laguntzen dutela euskal identitate abertzalea eratzen. Dena den, eraketa hori ez da euren lehenengo hautua, ez eta erabiliena ere. Badaude gai gehiago, jomuga gehiago. Eta jomuga horiek dira kanporaketa eta finalaurreko hauetan ikusi ditugunak.

BECen ikusiko dugu kanporaketa eta finalaurrekoetan agertutakoak nolakoa duen bukaera, zein duen joera. Hitz jolastuak mila aterabide baititu, mila modu, esanahi, errima, zentzu…

 

Olatz Mitxelena


[1] Bertsoaldi: bertsolari edo bertsolariei emandako gai bakoitzari kantatutako bertso multzoa.